Sand Castles Studio taldeak festa joko kaotikoa prestatu du: kolpeez gain, apaingarrien bilaketa ere eskainiko da. Iker Villegas zalea arduratu da euskaratzeaz.

Ipotxak, kolpeak, kaosa eta borroka dibertigarriak uztartzen dituen Gnaughty Gnomes kaleratuko du gaur Sand Castles Studio katalanak. Ordenagailuetan estreinatuko den jokoa ofizialki euskaratuta argitaratuko da.

Gnaughty Gnomesen borrokak nagusi badira ere, funtsean festa jokoa da: tokiko zein sareko borroketan ariko gara. Ordu erdiko iraupena daukaten partida dinamikoak eta dibertigarriak agintzen dituzte garatzaileek. 20 mapa baino gehiagotan ariko gara, bakoitzean oztopo, girotze eta arma desberdinak ikusita, gure ipotxarekin objektuak jaurtitzen, bulkadaka saihesten edo aurkariei zirikatzen.

Norgehiagokak modu eroan hasiko badira ere, indartzaileekin eta karta desberdinek eskainiko dizkiguten abileziekin gudu zelaiak zeharo eraldatuko dira: suziriak eta lehergailuak, bulkada hilgarriak, arerioak erakarriko dituzten zirikak eta bestelako mugimenduak lortuko ditugu. Guztira, 100 karta baino gehiago bildu ahalko ditugu jokatzerakoan: karta arruntak, bitxiak zein legendazkoak eskainiko dira.

Kaosa nagusi izango da ikuspegi isometrikodun partidetan. Guztiak guztien aurkako zein taldekako joko motak ikusiko ditugu. Ipotxen dueluak ez dira borroketara mugatuko, ordea. Apaingarrien bilaketa (prop hunt) modalitatea ere aipatzen dute egileek: zenbait jokalari inguruneko elementuetan bilakatuko dira, ezkutatzeko helburuarekin, eta, gainerakoak, harrapaketan ariko dira.

Gure protagonisten itxura nahi bezala aldatzeko eta pertsonalizatzeko aukera mordoa egongo da txapelekin, biboteekin, jantziekin eta bestelakoekin; diotenez, 5.000 konbinazio baino gehiago prestatu dituzte.

 

Katalanez bai, baina euskaraz ez?

Iker Villegas izan da jokoa gure hizkuntzara lokalizatzeaz arduratu den zalea. Azaldu duenez, Sand Castleseko kideak 2024ko Bilboko BIG azokan ezagutu zituen. Gnaughty Gnomesi buruz hizketan, “katalanez bai, baina euskaraz ez” txantxarekin hasi… eta, azkenean, ofizialki euskaratzeko elkarlanari ekin zioten.

Hori horrela, jokoaren menu nagusiko hizkuntzen atalera sartu baino ez gara egin behar euskara aukeren artean hautatzeko.

Lagunekin zein familiarekin euskaraz ondo pasatzeko joko aproposa, beraz; esan bezala, Gnaughty Gnomes gure mintzairan joka dezakegu, ofizialki, gaur estreinatuko den PCko bertsioarekin. Aurretik probatu nahi dutenek, gainera, doako demoa aurkituko dute Steam plataforman.