Txantiloi buferra, shader-en aurrekonpilatzea eta lokalizazioentzako zuzeneko aurreikuspena gehitu ditu kode irekiko tresnak.

4.5 gaurkotzea estreinatu du Godot proiektuak. Bideojokoentzako garapen motoreak ezaugarri eta tresna berri mordoa jaso ditu eguneratzearekin batera, akats zuzenketen zerrenda amaigabeaz gain.

Kode irekiko erremintaren webgune ofizialean argitaratu duten artikuluan aipatzen dira berritasunik esanguratsuenak. Interesgarriena, eta, zalantzarik gabe, itxurosoena, txantiloi buferrarentzako euskarria (Stencil buffer support) da: egileek diotenez, pantailan zuzenean ez den errenderizatuko geometria txertatzeko balio digu. Ulertzeko, bideoa ikustea komeni da:

Shaderren aurrekonpilatzea (shader baker) da gaineratutako beste ezaugarrietako bat, Unreal Engine aurkariak jasotzen dituen kexa nagusienetakoari erantzun nahian. Shaderren konpilazioa saihesteko bidea da: ubershader-ekin egin antzera —4.4 bertsioan gehitu zituzten—, shader baker tresnak shaderren efektuak eta objektuak eskaneatuko ditu; ondoren, hauek gailuaren driver-entzako formatu egokian konpilatuko ditu.

Zer esan nahi du honek? Ez ditugula shaderrak jokatzen gabiltzala kargatu beharko, izozteak eta fps jaitsierak ekidituz, edo, bestela, menu nagusiko karga denbora laburra ikusteaz libratuko gara. Ubershaderrek, baina, lehen karga denbora luzea eskatzen zuen: shader bakerrarekin nabarmen murriztu dutela diote —20 bider azkarrago kargatzen omen du euren demoan—.

Itzultzaileek benetan eskertuko duten erreminta da hurrengoa. Lokalizazioentzako zuzeneko aurreikuspena (Internationalization live preview) erabil dezakegu Godot 4.5en: editorean unean bertan ikus eta erabil ditzakegu hizkuntza desberdinetako itzulpenak eta testuak. Interfazean edo menuetan akatsak ote dauden identifikatzeko modurik erosoena.

Pantaila irakurgailuaren euskarria, kodean arazoak daudenean script-ean atzera egiteko erremintak, jokoko musika mututzeko aukera, interfazeko hobekuntza mordoa... eta, ez hori bakarrik, aurreko bertsioan zeuden dozenaka akatsentzako zuzenketak inplementatu dituzte Godot proiektukoek. Zerrenda ikaragarri luzea da, baina erabiltzaileek pozik irakurriko dute 4.5 bertsioaren ezaugarri berrien inguruko informazioa.

4.4 bertsioan, bestalde, Jolt fisikak edo jokoak martxan daudela editatzeko aukerak gehitu zituzten arduradunek. 2023an 4.0 adabakia estreinatu zutenean 3Daren zein errenderizazio orokorraren berrikusketa osoa, shader-ak zein efektuak, script elementuak, interfaze eta testu eguneraketak nahiz nabigaziorako laguntzak ikusi genituen.

PCrako zein Android gailuetarako bideojokoak garatzeko erreminta geroz eta eraginkorragoa da Godot. Bertan egindakoa da, esaterako, benetan gogoko dugun Dome Keeper indie jokoa. 2D zein 3D tituluak sortzeko balio digu, eta, zelan ez, guztiz doakoa da: Godot proiektuaren webgune ofizialetik jaitsi daiteke, baita  Steam eta Itch.io saltokietatik ere.