Cygames-ekoen fantasiazko unibertsoan girotutako lana aurten estreinatuko da azkenik. PlayStation kontsoletara nahiz ordenagailuetara iritsiko da.
Desagertuta ibili da hainbat aldiz, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik jokatuko. Azken urteetako akziozko RPG lanik desiratuenetakoan bilakatu da Granblue Fantasy: Relink; garapenean arazo eta oztopo mordoa eduki dituen arren, oraindik prestatzen dabiltzala aditzera emateko bideoak prestatu dituzte Cygamesko arduradunek.
Bideook Granblue Fantasy Fes 2023 ekimenean aurkeztu dituzte. Sagaren berritasunak biltzeko azoka honetan erakutsi ohi dituzte berritasun guztiak.
Japonian ikaragarrizko indarra dauka, baina agian ez duzu Granblue frankizia ezagutuko. Batez ere gailu mugikorretarako bideojokoekin —nabigatzailean ere joka daiteke— haziz joan den RPG titulua dugu. 2014. urtetik eguneratzen jarraitzen du, istorioa handituz eta edukiak jasoz. Final Fantasy bezalako lanen oinordekoa dela esan daiteke: txandakako JRPG borrokez gain, Square Enix-en aritutako Nobuo Uematsu musikagileak zein Hideo Minaba arte zuzendariak parte hartu dute bideojokoaren garapenean.
Relink, ordea, mekanikoki guztiz desberdina izango da: akzioz betetako RPG jokoaren aurrean gaude. 2016an iragarritako tituluaren garapena PlatinumGames estudio japoniarraren eskutik hasi zen; zenbait arazo eduki ondoren, 2019. urtean Cygamesek hartu zuen jokoa sortzeko ardura.
Zerutik sakabantutako irlez osatutako Zegagrande Skydom erresuma esploratzeari ekingo diogu ARPGan. Askotariko pertsonaien rola hartuta, borrokak izango dira nagusi hemen: bideo berrietan ikus daitekeenez gure protagonistak mailaz igo, abilezia mordoa desblokeatu, eta gero horiek duelu ikusgarrietan erabiliko ditugu.
Estetika eta atal teknikoa nabarmendu behar dira, noski: anime estiloarekin, bideojoko ederraren aurrean gaude. Mundu erraldoia eta anitza ezagutuko dugu, gainera: trailerrean hainbat kokaleku desberdin ikus daitezke, garaitzeko etsai mordoarekin.
Orain urtebete 2022an estreinatuko zutela agindu ostean, azkenik 2023an kaleratuko dutela diote Cygameskoek —bai, pixkat berandu eguneratu dute argitaratze data—. Plataformen zerrenda berbera da: PlayStation 5, PlayStation 4 eta PC plataformetan merkaturatuko da Granblue Fantasy: Relink.
Berritasunak Versus-entzat
Granblue Fantasy: Versus izan da, ziurrenik, mendebaldean frankiziak estreinatu duen lanik ezagunena. Arc System Works estudioak garatutako borroka joko honek eduki berriak jasoko dituela ere ezagutarazi dute Granblue Fantasy Fes azokan.
Rising azpitituluarekin, jatorrizko bideojokoaren bertsio honek Guilty Gear Xrd-en REVELATOR eta Rev 2 espantsioen antzeko forma hartuko du. Hau da, pertsonaiak, kokalekuak eta mekanikak gehituko, atal grafikoa hobetuko eta ezaugarriak gaineratuko dizkio Versusi.
Arcsysekoek ez dituzte berritasunak askorik zehaztu: webgune ofizialean pixkanaka iragartzen joango direla ikus dezakegu. Esate baterako, mekaniken aldetik Ultimate Skill deitutakoak ikusiko ditugula ezagutu dugu, baina oraindik ezkutatutako zerrenda luzea dago.
Kanpaina berriak ere gehituko dituzte, baina online jokatzeko ezaugarri eraberrituak izango dira garrantzitsuenak: rollback netcode-a prestatzen dabiltza online partida egonkorragoak eta bizkorragoak gozatzeko. Ez hori bakarrik: PlayStation eta PC plataformen arteko jokoa ere inplementatuko dute Rising bertsioarekin.
Aldaketa hauek guztiak 2023an iritsiko dira Granblue Fantasy: Versusera.
Iruzkinak