Jokoa fintzeko hartu dute erabakia. Mundu irekiko tituluaren bigarren geroratzea da: aurtengo udazkenean estreinatzea zen asmoa hasiera batean.

Rockstar Games eta Take-Two Interactive enpresek Grand Theft Auto VI atzeratu dute, beste behin: 2026ko azaroaren 19a da jokoaren kaleratze data berria.

Prentsa oharrean zein sareetan zabaldutako mezu motzean berandutzea jokoa fintzeko asmoarekin hartu dutela aldarrikatzen da: “Sentitzen dugu dagoeneko itxaronaldi luzea izan denari denbora gehigarria gaineratzea”, diote, “baina hilabete estra hauek jokoa espero eta merezi duzuen mailarekin bukatzea ahalbidetuko digute”.

2023ko abenduan aurkeztu zuten ofizialki GTA VI. Ordu hartan 2025ean argitaratzea zen helburua; beranduago, aurtengo udazkenean estreinatzea aurreikusten zuten Rockstarretik —exekutiboek, behintzat—. Ez zen horrela izan, eta joan den maiatzean lehen geroratzea ezagutu genuen: 2026ko maiatzaren 26rako atzeratu zuten estreinaldia.

Esandakoa baino urte gehiago itxaron beharko da, beraz, atzo gauean aipatutako data mantentzea lortzen badute: esan bezala, GTA VI 2026ko azaroaren 19an kaleratuko da.

 

Arazoak Rockstarren

Agindutakoa betetzea ez da horren erraza izango, agian, Rockstarrekoentzat. Berandutzearen aurretik, asteon berri kezkagarriak iritsi zaizkigu: 30 bat langile kaleratu dituzte Edinburgon kokatutako Rockstar North taldetik.

Rockstarrekoen arabera, kanporatzeak enpresa barneko informazioa eta datuak argitaratzeagatik jazo dira. Ez da, baina, langileek aldarrikatzen dutena: dirudienez, Rockstar barnean eratzen ari diren sindikatuan parte hartzeagatik kaleratu dituzte langileok.

Inolako aurrerapenik eta abisurik gabe kaleratu dituztela salatu dute estudioko garatzaileek; ez hori bakarrik, ez dago Rockstarrek aipatzen duenaren frogarik, azkenaldian ez baita estudioko bideojokoen inguruko filtraziorik eman sareetan. Egunotan protestak eta elkarretaratzeak izan dira nagusi Edinburgoko bulegoetan.