Victor Barañano garatzaile bilbotarrak doan kaleratu du bakarka sortutako jokoa Android eta PC plataformetan.

Aki garatzaileak GrinGoRun kaleratu berri du: cowboy baten rola hartuta zaldi gainera igo eta txanponak biltzen aritzea da arkade estiloko joko honek proposatzen diguna. Bideojokoa euskara hutsean goza daiteke, eta guztiz doakoa da.

Nola ez, helburu hau lortzea ez da horren sinplea izango. Zaldiak ezkerrerantz biratzeko ohitura izango du, eta gure esku egongo da pantaila ukituta hau gidatzea. Bidean, gainera, era guztietako oztopoak aurkituko ditugu: arrokak, kaktus landareak, mexikarrak eta bestelakoak saihesten ibili beharko gara ahalik eta marka onena lortzen saiatzen garen bitartean.

Gatza eta piperra emateko mekanikak gaineratu dizkio sortzaile bilbotarrak: menditik behera jaisten ariko gara normalean, baina une batzuetan gora egiten ere hasiko gara. Etsaiak akatzen ibiliko gara, gainera; ustekabez betetako arrisku gunean ere gainditu beharko dira.

Gure cowboya pertsonalizatzeko aukerak —desblokeatzeko jantzi mordoarekin—, klasifikazio taulaklorpenak, zailtasun mailak eta gure puntuazioak sare sozialetan partekatzeko bideak eskaintzen ditu bideojokoak. Horrela, jokagarritasun sinplea prestatu arren azkar ez gogaitzeko baliabideak prestatu ditu Akik.

Victor Barañano da, zehazki, Aki ezizenaren atzean dagoen bilbotarra. Musikaren munduan aditua den arren, bakarka garatu du GrinGoRun Unity motor grafikoa erabilita: garapen prozesu guztia bere Twitch kanalaren bitartez zabaldu du, gainera. Voxel bidez eratutako poligono urriko atal grafikoaz baliatu da mundu koloretsua egiteko.

Aurretik ere euskaraz argitaratutako bideojokoetan lan egindakoa da Barañano: iaz Crevice Games bilbotarrak kaleratutako Waves Out! dibertigarriaren diseinuaz eta musikaz arduratu zen.

GrinGoRun Android gailu mugikorretan merkaturatu du. Gailu mugikorretarako izan arren, Barañanoren Itch.io web orrian ordenagailu bidez ere joka daiteke. Esan bezala, dohainik eta euskaraz joka daiteke abentura txiki zein dibertigarriaz.