Zomorro Studio-ren metroidvania interesgarriaren hasiera doan proba dezakegu garatzailaren Itch.io webgunean.

Euskal mitologia metroidvania generoarekin batzen duen Guillotine interesgarriari buruz hitz egin genuen iaz. Ibai Aizpurua garatzailea Zomorro Studioren izenpean prestatzen ari den bideojokoa ez dago bukatuta oraindik, baina berritasun interesgarria jaso du: prototipoa euskaratu egin du sortzaileak.

Jokoteknia euskal bideojokoen jardunaldiaren aitzakipean itzulita, XIV. mendeko Euskal Herrira bidaiatzerakoan gure mintzairan egingo dugu orain.

Burua galdu duen borreroa kontrolatuko dugu bertan: benetan, bururik gabe dabil. Hau berreskuratzeko abenturan murgilduko gara, eta horretarako gure mitologian oinarritutako folklorez eta mitoz jositako kokalekuetatik aurrera egingo dugu.

Baserrietatik eta landetatik aurrera egin ahala, denetariko oztopoak aurkituko ditu, gainera. Horiek gainditzeko, etsaien buruak moztu eta jantzi beharko ditu; esate baterako, oiloaren burua hartuta jauzi bikoitza desblokeatuko dugu, leku garaietara iristea ahalbidetuta. Beleak tirokatzen dituzten kalabaza buruak zein ateak irekitzen dituzten giltzak ere ikusiko ditugu bertsio honetan.

2015ean abiatu zuen Aizpuruak Guillotinen lehen bertsioa: Ludum Dare 33 Game Jam-ean otu zitzaion oinarrizko ideia Iñaki Vazquez lankidearekin batera. Behin betiko bertsioa, baina, bakarka prestatzen ari da Aizpurua. Soinu bandaz Gonzalo Sardon arduratuko da: Zomorro Studioko hirugarren kidea, hain zuzen ere. Game Jamean sortutako bertsiorako musikaz konposatu ostean, prototiporako zein joko osorako soinu bandaren ardura hartuko du.

Gure hizkuntzan joka daitekeen bertsioa larunbatean egin genuen Jokotekniaren bosgarren jardunaldian aurkeztu zuen garatzaile irundarrak: arratsaldeko Gamer Gelan bideojokoaren garapenari buruzko zertzeladak eman zizkigun. Goizean, gainera, Game Jamak zehazki zer diren azaltzeko hitzaldia eskaini zuen Aizpuruak:

Euskaratutako prototipoa doan aurkituko dugu Zomorro Studioren Itch.io webgunean; horrez gain, estudioaren beste hainbat jokotan ibiltzeko aukera daukagu. Guillotinek ez dauka ez argitaratze datarik, ez baieztatutako plataformarik: Aizpuruak etorkizunean garatzen jarraitzeko asmoa agertu du.

 

Barraka eta puzzle artean

Momentuz, ordea, beste lan bat bukatu beharra dauka irundarrak: abenduko Durangoko Azokan aurkeztuko duen Barraka. Abentura eta esplorazioa uztartuko dituen titulu honetako ardatza puzleak izango dira.

Horri buruz hitz egin genuen berarekin joan den urte bukaeran azokako Sormen Beka irabazi ondoren.