Zomorro Studio garatzen ari den lanean XIV. mendeko buru gabeko borrero baten kontrola hartuko dute jokalariek.
Guillotine puzzleak eta plataformak batuko dituen metroidvania erako bideo-joko euskalduna da. Zomorro Studioko Ibai Aizpurua garatzen ari den abenturak bere ezaugarri nagusiak erakusten dituen trailer berria zabaldu du sareetan.
XIV. mendeko Euskal Herrira bidaiatuko dute jokalariek Guillotinen. Bertan borrero baten rola beteko dute, berezitasun batekin: dagoeneko hilda dagoen buru gabeko borreroa da. Bere burua bueltan nahi du, eta horretarako euskal mitologian agertu ohi diren folklore eta mitoez betetako kokalekuetatik aurrera egin beharko du puzzleak gainditu eta etsaiak akatzen dituen bitartean. Olentzerorekin, buruhandiekin, sorginekin eta gehiagorekin topo egingo du protagonistak
Borreroak bere burua berreskuratu gura duen arren, zenbait arerioren buruak erabiltzeko aukera izango du horiek akabatu ondoren. Hori egiteak ahalmen bereziak lapurtzeko balioko dio: oilo buruak jauzi bikoitza ahalbideratuko du adibidez.
2015ean egindako Ludum Dare 33 Game Jam ekimenean hasi zen Aizpurua Guillotinen lanean Zomorro Studioko kide den Iñaki Vazquezekin batera. Garai hartan prototipo txiki bat prestatu zuten, eta orain bakarka behin betiko bertsioa sortzen ari dela adierazi du Aizpuruak. Horretarako prototiporako sortutako “kode eta pixel guztiak berregiten” ari dela dio euskal garatzaileak: “hau hasiera baino ez da”.
Soinu banda estudio bereko Gonzalo Sardon ari da konposatzen. Game Jamean sortutako bertsiorako musikaz ere arduratu zen, eta orain bideo-joko osorako musika prestatzen ari da Sardon.
Prototipora doan jokatzeko aukera dago Zomorro Studioren Itch.io webgunean. Guillotinek ez dauka ez argitaratze datarik ezta baieztatutako plataformarik oraindik.
Iruzkinak