Apirila bukatu baino lehen 10.000 euroko helburua finkatu dute proiektua aurrera eraman ahal izateko.

“Narratibak gidatutako lehen errealitate birtualeko fitness jokoa” aurkeztu berri du Donostiako ViFit estudioak. Gym Mastersen minijokoen bidez jokalariek mugitzen jarri nahi dituzte arduradunek gimnasio birtual batean.

Proiektuaren aurkezpenarekin batera Kickstarter bidez hasitako finantzaketa kanpaina martxan jarri dute donostiarrek. 10.000 euroko laguntza eskatu dute Oculus Quest gailurako garatu ahal izateko; atzo arratsaldean hasitako egitasmoak 3.250 euro bildu ditu 44 laguntzaileren ekarpenei esker albiste hau idazterako unean. Kanpaina apirilaren 29an itxiko dute; ordurako ez badute eskatutako diru kopurua bildu, proiektua bertan behera geratuko da.

Abenturan Gym Cityn biziko dira jokalariak. Nola ez, kirolaren eta osasunaren hiriburua da, eta bertan hainbat gimnasio eta aurkitu daitezke. Jokalarien helburua gimnasio propioa eratzea izango da; beharrezko tresneria lortzeko minijokoetara arituz puntuak irabazi beharko dituzte. Minijoko horiek izango dira Gym Mastersen ardatz nagusia: freskagarri potoak jotzea, autoak garbitzea, labarengandik ihes egitea korrikan eta gehiago bilduko ditu jokoak.

Errealitate birtualeko jokoa izanik, guzti hauek betaurrekoekin zein aginte bereziekin gauzatuko dira. Rock, Burraito eta CrissFit entrenatzaileen gimnasioetan aurkituko dituzte jokalariek froga hauek. Bakoitzak askotariko ariketak proposatuko ditu, eta horiek gaindituta dirua irabaziz zein froga berriak desblokeatuz joango dira erabiltzaileak.

Aipatu bezala, narratibak ere bere txokoa izango du Gym Mastersen. Istorioko helburu nagusia Condor Brusnawer zitala garaitzea izango da; Brusnawerrek protagonistaren aita iraindu ostean honen ohorea bereganatu beharko du. Herritarren errespetua lortzeko irabazitako txapelketetako dominekin eta garaikurrekin apaindu beharko dute jokalariek beraien gimnasioa.

Anbizio handiko proiektua

Kickstarterreko kanpainaren baitan hainbat helburu eta sari zehaztu dituzte arduradunek. Jokoaren finantzaketan laguntzeko jarritako diru kopuruaren arabera soinu banda eta arte liburu digitalak, kamisetak, figurak edota bideo-jokoaren entrenatzaileetako baten bilakatzeko aukera daude.

Helburuei dagokienez, 20.000 euro lortuta laugarren entrenatzaile bat gehituko dute; 60.000 eurorekin entrenatzaileei eskuen jarraipena edo hand trackinga ezarriko diete; PlayStation VR-rako bertsioa prestatu ahalko dute 80.000 euro lortuta; azkenik, 120.000 euroko helmugara iritsiz gero multijokalaria gehituko dute, “lagunei egurra emateko”.

ViFit garatzailea lau lankidez osatuta dago une honetan. Gym Mastersekin jendeak “ondo pasatzeko jokoa prestatu nahi” dute, baina aldi berean “fisikoki aktibo eta osasuntsu” egoteko aukera eskaintzea da estudioaren helburua.

Finantzazio kanpainarekin jokoa garatzeko beharrezkoa den dirua batu ez ezik, jokalarien parte hartzea eta feedbacka bilatzen dute garatzaileek. Hori horrela, Discord zein sare sozialetatik kanpainan lagundu dutenekin hartu-emana mantentzeko asmoa agertu dute Kickstarterrean.