Supergiant Games estudioak berriz errepikatu du akzioz betetako roguelike formatuarekin. 1.0 bertsioa urte bukaeran argitaratzea espero dute.
Hades IIk sarbide goiztiarraren (early access) ibilbidea hasi du. Supergiant Gamesek laster kaleratuko zuela iragarri zuen orain gutxi egindako proba tekniko itxian, eta, azkenean, ustekabean argitaratu du titulu desiratua Steam eta Epic Games Store saltokietan.
Adierazi bezala, proba teknikoan ikusitakoak baino askoz gehiago biltzen ditu aurretiazko sarbidean estreinatutako bertsioak: proba itxian lehen gune nagusian ibiltzeko aukera baino ez geneukan, baina une honetan hainbat gune, etsai nagusi zein gure abileziak hobetzeko eta adiskideak ezagutzeko hub eremua azaltzen dira. Edukien kopurua horren zabala da, ia-ia Hades originalean agertutakoak gainditzen dituela.
Erronkak, etsaiak, bedeinkapenak eta bestelakoak gaineratzen jarraitzea da asmoa, noski. Supergiantekoek jokoa eduku berriz betetzen jarraituko dutela agindu dute: datozen hilabeteetan “eguneraketa handiak” argitaratzea da asmoa, baina bitartean denetariko zuzenketak eta hobekuntzak ikusiko ditugu.
Balorazio bikainak jasoz hasi du Melinoë printzesak bidaiaren lehen fasea: Steam plataforman jokatu duten 11.000 erabiltzaile baino gehiagok iritzi positiboa agertu dute, eta analisi baikorren bat edo beste ere argitaratu da jadanik hedabide nagusietan.
Sarbide goiztiarra urte bukaera aurretik amaitutzat ematea aurreikusten dute egileek; hala ere, “data zehaztu gabe” daukatela diote Steameko orrialdeko azalpenetan. Windows zein MacOS sistema eragileetarako kaleratuko dute Hades II, baina kontsolak ere aipatzen dituzte, nahiz eta ez diren plataformak baieztatzen.
Lehen jokoa ere aurretiazko sarbidean estreinatu zela gogoratu beharra dago. 2018 bukaeran iritsi zitzaigun, baina bi urtez eman zuen fase horretan, ofizialki estreinatu arte.
Originalaren premisa zein mekanikak berreskuratzen ditu jarraipenak: ikuspegi isometrikoa daukan akziozko titulua da. Zagreus protagonistaz ahaztu, eta bere arreba Melinoë kontrolatuko dugu oraingoan: arma eta abilezia berriekin, beste behin infernuan barneratuko gara borroka zirraragarriak bizitzeko. Roguelike izaerarekin partida bakoitza guztiz desberdina izango da, baina gure ahalmenak hobetzen joateko baliabideak eskuratuko ditugu guztietan.
Esan bezala, sarbide goiztiarrean proba dezakegu jadanik Hades II: 28,99 eurotan eros daiteke PCan, baina 1.0 bertsioa argitaratzerakoan prezioa igon dezaketela aldarrikatzen dute garatzaileek.
Iruzkinak