Halo Studios deitzen da talde berria. Unreal Engine 5 garapen motorea erabiltzen dabiltza hurrengo bideojokoak sortzeko.

Haloren etorkizunari buruz hitz egin du Xbox-ek. “Hurrengo kapituluari” ekin diotela iragarri du, 343 Industries taldearen berregitearekin; ez hori bakarrik, frankiziak hainbat bideojoko berri jasoko ditu.

Halo World Championship txapelketaren baitan erakutsitako ia zazpi minutuko bideoarekin iragarri dituzte berritasunak. Halo Studios izango da 343ren izen berria, kapitulu berriaren lehen pausoa. Pierre Hintze Halo Games-en arduradun nagusiak Bungie estudioaren jokoak “lehen kapitulukoak” zirela dio; 343 Industriesenak, berriz, “bigarrenekoak”. Hori horrela, izen aldaketarekin batera bideojokoak egiteko modua goitik behera eraldatuko dutela aldarrikatu gura izan du Hintzek.

Hirugarren kapitulua garapen motore berriarekin hasi dute: Unreal Engine 5 ezagunaren bidez garatzen dabiltza aipatutako bideojoko berriak. Epic Games-en tresnarekin “garapenaren efizientzia areagotzea” bilatzen dute Halo Studioskoek, baina, ez hori bakarrik, “Haloren jokoak eratzeko errezeta aldatuko” dute.

UE5en ospea estudiora luzatu zela aipatzen da, hau ofizialki erabiltzen hasi zirenerako garatzaileek dagoeneko oinarrizko ezagutzak zituztela azpimarratuz. Horrekin batera, kontratatzen dituzten langile edo estudio berriek edukiak azkarrago sortzeko aukera edukiko dutela uste dute arduradunek, joko berriak zein eguneraketak eskaintzeko beharrezko denbora murriztuz.

Erabiltzen dituen ezaugarri nagusiak nabarmendu dituzte Halokoek: Nanite eta Lumen —errenderizazio eta argiztapen teknologia zaharberrituak, hurrenez hurren—. Hauei esker “Haloren mundua haztea nahiz hedatzea” bilatzen dute, “jokalariek elkarreragiteko eta esperimentatzeko gehiago eduki dezaten”.

Argi dagoenez, adierazpenokin Halo Infinite-n garapen prozesuan jazotakoei keinu egin nahi izan die Hintzek; izan ere, bi zuzendari galdu zituzten proiektuan, eta, beste zenbait arazoren artean, kanpainan tokiko multijokalarian jokatzeko aukera alboratzea erabaki zuten 343koek.

 

Esperimentatzeko fundizioa

Egin dezaketen guztiaren inguruan hausnartzeko Halo Foundry proiektua ezagutera eman dute. Bertan Master Chief protagonista ikus dezakegu ingurugiro desberdinetan: “Ez da joko berria, baina ez da ohiko teknologia demo arrunta ere”, diote. “Unreal erabilita Haloren bideojoko batek beharko lukeena irudikatzeko balio duen isla da, motore honekin lor daitekeenaren esplorazioa”.

Taldekoak “harro” agertu dira Foundryrekin lortutakoarekin. “Isilik egon gara denbora luzez, baina non gauden, estudio bezala ditugun lehentasunak zeintzuk diren, eta taldea nola dagoen partekatzeko unea dela uste dut”, azaldu du Hintzek.

Halo frankiziak aurrera darrai, hortaz. Oraindik ez dakigu zenbat bideojoko prestatzen dabiltzan Halo Studios berrikoak, baina saga indarberrituta itzuli dela pentsa daiteke proiektu berrien iragarpen honekin.