Xbox-ek azken diru sarreren eta etekinen datuak aurkeztu ditu: 16.280 milioi dolarretako hobariak lortu ditu.
343 Industries eta Microsoft Halo sagaren egungo arduradunek pasa den abenduan estreinatutako Halo Infiniten arrakasta ezagutzera eman dute. Frankiziako jokoek edukiko duten merkaturatzerik onena izan da: 20 milioi erabiltzaile baino gehiago bildu ditu dagoeneko Master Chief-en mundu irekiko abenturak.
Hala ere, zehaztasun esanguratsu batzuk kontuan hartzea ezinbestekoa da datu hauek aztertzerakoan; izan ere, Infiniten kanpaina ordainpekoa den bitartean, Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuaren baitan jokatu daiteke. Are garrantzitsuago, multijokalari atala guztiz doakoa da: Xbox Series eta One kontsoletan nahiz PC-an eskuratu daiteke jokoa, beraz inoiz baino plataforma gehiagotara iritsi dela ere nabarmendu beharra dago.
Harro egoteko moduko datuak dira dena den, eta Microsoftetik pozik agertu dira lortutako arrakastarekin. Halo Infiniten multijokalaria beta fasean estreinatu zen lehenik azaroan; lehen egunean 272.586 jokalari animatu ziren jokoa probatzera.
Satya Nadella Microsofteko zuzendari exekutiboak akziodunentzako bilera batean enpresaren bideo-jokoen dibisioaren azken diru sarreren datuak ezagutzera eman ditu. 2021ean 16.280 milioi dolarretako hobariak lortu dituzte, dibisioaren urte onena izanik eta 2020a gaindituta.
Hori horrela, bideo-jokoekin lortutako etekinak %17,7 igo dira aurreko urtearekin alderatuta; zerbitzuen ete edukien etekinak, berriz, %8,8 areagotu dira; azkenik, hardware aldetik lortutako diru sarrerek %63,3ko hazkundea jasan dute: 3.700 milioi dolarretakoak, hain zuzen ere.
Iruzkinak