Abenduaren 8an kaleratuko da 343 Industries-en tiro jokoa Xbox kontsoletan eta PC-an. Multijokalarira dagoeneko joka daiteke: guztiz doakoa da.
Gezurra badirudi ere, astebete eskas falta da Halo Infinite azkenik estreinatzeko. Xbox Series kontsolekin batera kaleratu behar zen 343 Industries garatzailearen tiro jokoa pasa den urtean, baina berandutze handi baten ostean akatsak eta kritikak zuzentzea lortu dute. Hori argi gera dadin argitalpen trailer ikusgarria prestatu dute.
Mugarik gabeko mundu irekia izango da Infinite honetako ardatza. Master Chief-ek bere helburuak eta misioak betetzeko erabateko askatasuna izango du hurrengo abenturan, eta hori erakutsi nahi izan dute bideoarekin. Arma, ibilgailu eta ahalmen mordoa edukiko ditu eskura protagonistak, eta horiek hobetzen joateko aukera ere izango du, gainera.
Aldi berean, iaz erakutsitako bideoetatik emandako aldaketa grafikoa argia da. Zaleek gogor kritikatu zuten jokoaren atal grafiko zein teknikoa, eta hori hobetzeko gogor jardun dute lanean garatzaileek.
Egun batzuk barru argitaratuko dena jokalari bakarrarentzako kanpaina dela gogoratu beharra dago; izan ere, Halo Infiniten multijokalarira jokatzeko aukera dago jadanik: dohainik eskura daiteke jokoa merkaturatuko den plataformetan.
Zaleen erantzuna oso positiboa izan da: Steam plataforman, esate baterako, ia 300.000 jokalari batu ditu aldi berean, eta egun Valve-n saltokiko jokorik jokatuenen artean dago. Hori bai, jarraipen sistema gogor kritikatu dute jarraitzaileek: mailaz igo eta elementu berriak desblokeatzea oso neketsua da. Xbox-etik hau zuzentzeko lanean dabiltza jada, aldaketa txikia gaineratuta.
Halo Infiniten behin betiko bertsioa eta jokalari bakarrarentzako kanpaina abenduaren 8an estreinatuko dira Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan.
Iruzkinak