Azaroan kaleratuko diren Xboxetan 4K-ko bereizmena eta 120 irudi segundoko tasa edukiko du jokoen bildumak.
Halo Infinite datorren urtera berandutu badute ere, Microsoftek bere tiro jokoen saga belaunaldi berrira eramateko lanean dihardu. Hori Halo: The Master Chief Collection bildumarentzako hobekuntzak prestatuta lortu nahi du.
Xbox Series X eta S kontsoletarako eguneraketa batekin gehituko dituzte hobekuntzak eta aldaketak. Berria txio batekin zabaldu dute, Xbox berrietarako “guztiz optimizatuta” egongo dela azalduta.
Hobekuntzen artean jokalari bakarrarentzako zein multijokalariarentzako joko motetan 120 irudi segunduko tasara jokatzea nabarmentzen dute garatzaileek. PCko bertsioan gertatu modura, tiro jokoa bizkortasun osoz jokatzea ahalbidetuko dute horrela.
Irudiaren bereizmena areagotuko dute Xbox Series Xren kasuan: 4K-ko bereizmenera jokatu ahalko da Xbox ahaltsuenean. Horrez gain, tokiko multijokalariarentzako hobekuntzak ere gehituko dituzte.
Eguneraketa guztiz doakoa izango dela nabarmendu dute Microsoftekoek. Bideojokoa dagoeneko erosita dutenek zein Game Passean jokatzen dutenek jasoko dituzte aipatutako berritasunak kontsola berrietan. Azaroaren 17an kaleratuko dituzte ezaugarri berri horiek Haloren bildumarako.
Iruzkinak