Le Cartel Studio-ren 2019ko titulua itzuli du Game Erauntsia Elkarteak. Bakarka nahiz lagunekin eskalada erronkak proposatzen ditu.
Proposamen sinplea eta ulerterraza da Heave Ho indie jokoarena. “Irits, hel eta kulunka zaitez garaipeneraino”, diote garatzaileek: eskalatzea ardatza da Le Cartel Studioren tituluan, baina, orain, partida frenetiko dibertigarriak euskaraz lehiatuko ditugu.

Game Erauntsia Elkarteak 2019an estreinatutako festa bideojokoa lokalizatu du: testu guztiak gure mintzairan jar daitezke eraldatzea erabilita. Itzulpen ez ofiziala izanik, ordenagailuko bertsioa da euskaratu daitekeena.
Itzulpena instalatzea oso erraza da: Ibai Oihangureni eskertu behar diogu, Overcooked-en itzulpenarekin egin bezala, Windows-eko instalatzailea zein GNU/Linux-erako script fitxategia prestatzerakoan eskainitako ezinbesteko laguntza.
Hauek dira Heave Ho euskaratzeko jarraibideak:
Windows
- Deskargatu instalatzailea, eta jarraitu bere argibideak.
- Instalatzaileak ingelesezko bertsioa gainidatziko du euskarazko itzulpenarekin.
- Jokoa exekutatu, eta, menu nagusian, joan ‘aukerak’ atalera.
- Hizkuntza aukeretan, hautatu ‘euskara’.
GNU/Linux + Steam Deck
GNU/Linux eta Steam Deckerako, instalazioak lan gehiago eskatzen du, oraingoz. Jarraitu urrats hauek:
- Deskargatu instalazio scripta.
- Ireki terminala, eta idatzi ondorengo komandoa: bash ./overcooked-eu.sh
- Aukeratu gainidatzi beharreko hizkuntza, eta scriptak instalazioa amaitzean, Overcooked euskaraz izango duzu.
- Jokoa exekutatu, eta, menu nagusian, joan ‘aukerak’ atalera.
- Hizkuntza aukeretan, hautatu ‘euskara’.
Instalatzeko argibideak (Hollow Knight-en adibidea jarraituta):
Eskalada hilgarriak bezain koloretsuak
Joan den astean euskaraz ofizialki estreinatu zen Stuck Together tituluaren antzeko proposamena dakar, beraz, Heave Hok: burua eta beso luzenkak baino ez dituzten izakitxoak gidatu beharko ditugu maila bakoitzeko helmugaraino.
Hori lortzeko, palankarekin besoak mugituko ditugu, eta agintearen kolpekari bakoitzarekin eskuetako batekin helduko edo askatuko dugu. Pixkanaka-pixkana, oztopoz betetako erronkak gainditzea da xedea, amildegiak izango baitira bigarren protagonistak. Ezinezko jauziak, biratzen dabiltzan plataforman, igo beharreko sokak edo izoztutako zoruak aurkituko ditugu desafioetan.

Bakarka ari gaitezke, baina dibertsioa biderkatu egingo da lagunekin jokatuz gero. Asmatuko zenuen bezala, elkarri heltzea eta jaurtitzea posible da tokiko multijokalarian, laguntzeko… zein bata besteari izorratzeko. Kontuan izan, baina, guztiok batera heldu beharko zaretela helmugara joko mota kooperatiboan.
Aipatutako modalitatea da ardatz nagusia, baina lehia eta duelu zirraragarriak ere bizi ditzakegu lagun artean. Kasu honetan, helmugara lehenengo iristen denak irabaziko du partida.
Izaki koloretsuak pertsonalizatzeko aukera daukagu, bukatzeko: ilea edo kaskoak, aurpegia, betaurrekoak, besoak eta bestelakoak alda ditzakegu, dozenaka itxuren artean hautatuz. Jokatzerakoan lortuko ditugun fitxekin are apaingarri gehiago desblokea daitezke makinan jokatuta.
Euskararen Egunean, bideojokoak euskaraz
Proposamen ikaragarria Euskararen Egunerako! Ez da daukagun bakarra, noski: Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan beste 206 titulu aurki ditzakegu egun berezi hau behar bezala ospatzeko.
Atzean dagoen lana goraipatu beharra dago, gainera. Garatzaileek ofizialki euskaraz kaleratutako obrak dira batzuk, baina gehienak zaleen lan boluntarioari esker goza ditzakegu gure hizkuntzan. Dead Cells, Balatro, Untitled Goose Game, The Plucky Squire, Munstro, SOMA... sekulako jokoak ditugu euskaraz komunitateak egindako lanagatik.
Hori esanda, Game Erauntsian itzulpenak bideratzeko eta hauetan laguntzeko pentsatutako taldea daukagula gogoratu: parte hartu nahi izanez gero, jarri harremanetan elkartearekin!
Lander Unzueta
Iruzkinak