Gehienek gailu mugikorretan jokatzen dute, Ikusiker behategiaren arabera, egunean 15 minutu inguru eskainita.

Hego Euskal Herriko gazteen gehiengoak bideojokoetan jokatzen du. DBHko ikasleen artean, % 80 bideojokalaria da. Unibertsitatean, aldiz, ikasleen % 60 aritzen da bideojokoetan.

Datuak Ikusiker behategiak plazaratu ditu. Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako gazteen eta UPV/EHU eta UPNA/NUPeko ikasleen ikus-entzunezko eta IKTen kontsumoen inguruko inkestan bideojokoei zuzendutako atalean irakur ditzakegu.

Bideojokoen industriak azken urteetan edukitako “hazkunde itzela” nabarmentzen da galdetegian, “gazte askoren egunerokoan presente daudela” adierazita.

 

Egunean behin baino gehiagotan

Kontsumo ohiturekin jarraituz, egunero jokatzen duten ikasleei begira jartzen bagara, DBHn % 29,7 direla ikus daiteke. Horietatik % 13,1ek behin baino gehiagotan jokatzen du egunean. Unibertsitatean, berriz, ikasleen % 16,2 ari da egunero jokatzen; % 6k, behin baino gehiagotan sakatzen dio ‘jokatu’ botoiari.

Datu zehatzagoak ageri dira emaitzetan, baina. Astean 2-5 aldiz jokatzen dutenak asko dira, adibidez: % 25,4 DBHn, eta % 15,5 unibertsitatean; % 10,8 dira astean behin bideojokoei ekiten dietenak DBHn, eta % 9,9 unibertsitateko inkestatuen artean; hilean behin jokatzen dutenak, aldiz, % 12,7 dira DBHn, unibertsitatean % 17,4 izanik.

Bukatzeko, bideojokoen munduan sartu ere ez direnak egiten ditugu: inkestatutako gazteenen % 21,3k ez dute jokatzeko ohiturarik, gauza bera helduenen % 40,9k.

 

Emakumezkoak, geroz eta bideojokozaleago

Sexuaren araberako datuak ere benetan interesgarriak dira. Bigarren hezkuntzako emakumezkoen % 60,6k jokatzen du bideojokoetan; % 40,3k, aldiz, unibertsitatean. Gizonezkoei dagokienez, kopuruak gora egiten du: DBHn % 95,3k jokatzeko ohitura dauka, eta, unibertsitatean, % 82,8k.

Esparruz aldatuta, bideojokoen plataformen edo euskarrien erabilera ere aztertzen da. Gailu mugikorrak dira, zalantzarik gabe, arrakastatsuenak: DBHkoen % 49,7 sakelekoan aritzen da bideojokoetan; unibertsitatean, % 35,7. Kontsolek jarraitzen diete (% 27 / % 31,1), atzetik PCa (% 13,8 / % 31,9), identifikatu gabeko bestelako euskarriak (% 5,5 / % 0,3) eta tabletak (% 4 / % 1,4) egonik.

Gailu mugikorren nagusitasuna ikusita, partida motzez gozatzea ohikoa da unibertsitateko ikasleen artean: % 28,2k 0-15 minutu artean jokatzen dute egunean. Hala ere, gazteagoak ordu erdi eta
ordubete artean aritzen dira gehienbat, % 26,9a.

 

Akzioa eta kirola nagusi

Amaitzeko, bideojokoen generoak aztertzen dira galdetegian. Ikasle gazteenak akziozko tituluak dituzte gogokoen, % 28,8ren lehen aukera baita. Ostean, kirol jokoak (% 18), ‘bestelakoak’ —Brawl Stars arrakastatsua aipatu dute gehienek hemen— (% 11,3) eta lehen pertsonako tiro jokoak (% 10, 5) daude.

Unibertsitatean, ordea, kirol jokoak dira nagusi (% 18,9). Atzetik akziozkoak (% 16,6), estrategiazkoak (% 12,7), eta abenturazkoak (% 11,5) aurkitzen dira.

Emakumezkoen joerei begiratzen badiegu, gehienek abenturazko tituluengana edo partida lasaiagagoak eskaintzen dituztengana hurreratzeko ohitura dute; horien artean, ‘familiarrak’ direnak ere nabarmentzen ditu Ikusikerrek.

 

4.324 inkestatu

Bigarren hezkuntzako 1.524 ikaslek parte hartu dute inkestan: Arabako Mendebaldea BHIko eta Laudio BHIko, Bizkaiko Ibarrekolanda BHIko, Markina BHIko, Lea-Artibai Ikastetxeko, Santurtziko Axular BHIko eta Ermua-Mallabiako OLHUIko, Gipuzkoako Eskoriatzako Arizmendi Ikastola-Almenko, Lasarte BHIko eta Donostiako Xabier Zubiri Manteo BHIko zein Nafarroako Altsasu BHIko, Sarriguren BHIko eta Tafallako Ikastolako ikasleek, zehazki.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA/NUP) 2.800 ikasle baino gehiago animatu dira, bestalde, galdetegia erantzutera.

2022an antzeko ikerketa ikusi genuen UEMAren aldetik: kasu honetan, 94 euskal udalerritako 11.571 gaztek parte hartu zuten, LH4tik Batxilergoko 2. maila bitarteko ikasleak, hain zuzen ere. Lehen hezkuntzako ikasleak bideojokoetan are gehiago aritzen direla ezagutu genuen bertan, hiru gaztetik bi bideojokoen ohiko erabiltzaileak baitira.