Basajaun Games estudio bilbotarra arduratuko da NomnomNami garatzaile independentaren lanaren lokalizazioaz.
Titulu berria jasoko du laster euskarazko bideojokoen zerrendak. Bilboko Basajaun Games taldeak jakitera eman duenez, Her tears were my light nobela bisuala irailaren 28an argitaratuko da gure mintzairan.
Euskarazko itzulpenaz Gabriel Fiallegas bilbotarraren estudioa arduratuko den arren, bideojokoaren garatzailea AEBetako NomnomNami dela nabarmendu beharra dago. Jatorriz 2016an burutu zuen nobela bisuala da Her tears were my light; egia esan, sortzailearen lehen bideojokoa izan zen. Orain, ordea, Steam saltoki digitalera iritsiko da.
Ordubete baino gutxiago irauten duen obra arina zein ederra da NomnomNamirena. Denbora eta espazioa protagonista dituen istorioa biziko dugu bertan: Denboraren rola hartuko dute jokalariek, eta bere botereak erabilita Espazioak bizi duen bakardadea sendatzeari ekingo diogu.
Nola ez, nobela bisual bati buruz ari garenez, hizketaldiak eta erabakiak izango dira nagusi abentura honetan. Estetika koloretsua eta atsegina aurkezten du bideojokoak, marrazki mordoarekin. Steameko bertsio berriak, gainera, orain arte ikusi gabeko edukiak gaineratuko dizkio jatorrizko obrari: irudiak eratzeko estudioa erabili ahalko dugu, baita garatzailearen iruzkinak gehitzen dituen galeriaz gozatu ere.
Ez da NomnomNamik eta Basajaun Games bideojokoak euskaratzeko elkartzen diren lehen aldia; izan ere, ekainean Amaiera Tragikoen Antzokia euskaratu zuten bilbotarrek. Hau izan da euskaraz goza daitekeen lehen nobela bisuala, gainera.
Her tears were my light irailaren 28an kaleratuko da euskaraz.
Iruzkinak