Aurten estreinatzea aurreikusita zegoen. Harry Potterren unibertsoan oinarritutako mundu irekiko abentura garatzen ari da Avalanche Software
J.K. Rowling idazleak sortutako mundua ez da bideo-jokoetara itzuliko 2022ra arte. Hogwarts Legacy RPGa aurten estreinatzea aurreikusita zegoen, baina lanaren arduradunek geroratu egin dutela jakitera eman dute sare sozialetan.
“Aztien munduko eta bideo-jokoen zaleentzako ahalik eta esperientziarik onena sortzea benetan garrantzitsua da guretzat, beraz bideo-jokoari behar duen denbora eskaini nahi diogu”, adierazi dute Avalanche Softwarekoek. Aldi berean zaleei erakutsitako babesa eskertu nahi izan diete.
PC, Playstation 5, Playstation 4, Xbox One, Xbox Series X eta Srako prestatzen ari dira Hogwarts Legacy. Bertan XIX. mendeko Hogwarts eskola ezagutuko dute jokalariek; ikasle baten kontrola hartuta Harry Potterren liburu eta filmetan ikusitako jarduerak egiteko aukera eskainiko du misterio ilun bat argitzen den bitartean.
Iruzkinak