Hollow Knight originala maite dut. Nahiko azkar ezagutu nuen, finantzazio kanpainarekin batera. Dirurik jarri gabe geratu nintzen, baina Team Cherry-k kaleratu zuen demoa ikaragarri gustatu zitzaidan. Jokoa argitaratu eta gutxira eskuratu ondoren, oraindik abentura osorik bukatu gabe, dagoeneko erabat harrapatu ninduen. Pintxopote bateko gaua dut gogoan, non bildu ginen lagun talde bateko bideojokozaleei gogaitzen ibili nintzen: “Jokatu Hollow Knighten, azken urteotako indie jokorik onena da, gauza mordoa ditu, itzel egina dago…”.

Ez dakit onena izango zen, baina bai nire gogokoena. Horrela, 2019an Silksong jarraipena iragarri zenean, pintxopote hartan harrapatu nituen lagunekin erotzen hasia nintzen: hasiera batean jatorrizko jokoaren azken eduki gehigarria izan behar zena bigarren atalean bilakatu zen, eta aparteko itxura zeukan. Bideojoko azoketan demoa eskainita, Team Cherry laster argitaratzekotan zela ulertu nuen, eta, tira… guztiok ezagutzen dugu istorioa.

Garapen prozesu luzearen ostean, ustekabean iritsi zaigu Hollow Knight: Silksong. Ia nahi gabe, baina jokalari guztien begiradak erakarrita; izan ere, mugarik gabeko hype eta irrika eragin ditu Team Cherryk. Desira, meme eta izorratze bilakatuta aldi berean, denok nahi genuen jokoa, arrazoi batengatik edo bestearengatik.

 

Zetaren kantua

Metroidvania eta jokagarritasun oinarriak mantenduz dator Silksong. Hollow Knighten ikusitakoak errepikatzen dira: eskuz sortutako mundu bidimentsional erraldoia, borroka bizkorrak eta latzak, jauziak eta misterioz betetako istorioa aurkituko ditugu jarraipenean.

Aldaketarik handiena hasieratik ikusiko dugu, protagonista berriaren eta bere berezitasunen aldetik baitator. Hornet-en abileziak ondo ezagutzen genituen bere aurka horrenbeste aldiz borrokan egin ondoren, baina, bera kontrolatzea zeharo desberdina da.

Zaldun txikiaren mugimendu sorta sinplea eta gogaikarria dela diote askok —nahiz eta kutunen bidez eralda daitekeen—. Hornetena antzekoa da, desberdintasunak nabaritzen hasi arte: beheranzko kolpea, horren lagungarria, diagonalean egiten du, Zalduna pixkat urrutiago iristen zen bere erasoekin, baina Hornet azkarragoa eta trebeagoa da… Azkenean, jantzi gorridun intsektuaren abilezietara ohitu beharko gara, baina prozesua plazer hutsa da.

Ohikoa den bezala, ahalmen eta mugimendu gutxirekin hasiko gara: aurrekoan Hornet jokoko izakirik boteretsuenetakoa zen, baina, aitzakia, denbora luzez preso eraman, eta istripua eduki duela da, indarrik gabe utzita; hortaz, mapa sakontasunean esploratzeko aukeren bila ibili beharko gara.

 

Pharloom madarikatua, urrutiko zeta

Lehenengoan galdutako erresumaren hondoraino bidaiatzea proposatzen zigun Team Cherryk; bigarrenean, kontrakoa tokatuko zaigu, gora egitea. Pharloom izeneko erresumak Hornet harrapatu du, batek daki zein asmorekin: kartzela ibiltaritik ihes egitea lortuta, herrialdearen gailurrean kokatuta dagoen Zitadela misteriotsuak gordetzen dituen sekretuak argitzeko bideari ekingo dio gure protagonistak.

Geldo eta zuhur, lehen kokalekuek liluratuta utziko gaituzte. Grafikoki joko benetan ederra da Silksong: bi dimentsioko izakiak zein inguruneak xehetasun osoz eratuta daude, eta kalitate goreneko maila erakusten dute animazioek. Hollow Knightekin alderatuta, jauzi txikia nabariko dugu jokatzen hasi bezain laster, baina, originala berriz abiatzen badugu, hobekuntzak uste baino esanguratsuagoak direla ikusiko dugu. Bioma edo ingurune desberdinak lotzeko lana aipagarria da: trantsizioak askoz naturalagoak dira oraingoan, toki batetik bestera mugitzea zein kokatzea erraztuz.

Mapa labirintikoa bueltan da —bestela, ez ginateke metroidvania baten aurrean egongo— baina lehenengo orduetan egin beharreko ibilbidea nahiko lineala dela esan daiteke. Abilezia pare bat lortzerakoan, ordea, dena aldatzen da: mapa izugarri zabalduko zaigu, gune mordoarekin —eta jarraitu beharreko norabidea argi zehaztu gabe—. Itxura batean bide bakarra dagoela pentsa badezakegu ere, lagunekin partekatutako iruzkinek eta aurrerapenek argi utzi dit ez dela horrela: helburu nagusietara iristeko modu zeharo desberdinak daude, sarritan, gune osoak alboratuz. Pentsatu baino bide gehiago egongo dira, ziurrenik, partida bakoitza esperientzia berria izateko aukerarekin.

Berrikuntzetako bat atalka banatutako istorioa da. Jokoa hasterakoan “1. atala” mezua agertuko zaigu, hainbat galdera eraginda. Ondorioetan gehiegi sartu gabe, istorioa bideratzeko hartutako erabakia dela esan daiteke Team Cherryren aldetik, gertakari eta ekintza batzuk atal bakoitzari lotuta. Gune batzuetara iristea ezinezkoa izango da atal zehatz bateraino iritsi arte; dena den, hasiera batetik kokaleku ugari ditugu esploratzeko. Lehen jokotik aldentzeko aldaketa da, eta istorioaren gatibu bilakatzeko aproposa.

Hollow Knighten ikusitakoak errepikatzen dira: eskuz sortutako mundu bidimentsional erraldoia, borroka bizkorrak eta latzak, jauziak eta misterioz betetako istorioa aurkituko ditugu jarraipenean.

Narratibari helduta, lehen abenturaren bide berbera jarraitzen du Silksongen; hau da, FromSoftware japoniarraren antzeko estiloa dauka narratibak, misterioz eta sekretuz betetako erresuma galdua eta izaki boteretsuak baititu ardatz. Istorio iluna da, nahiz eta momentu dibertigarriak dituen: galdutako zibilizazioaren zergatia ikertu ahala, une gogoangarri bezain gogorrak eta tristeak biziko ditugu. Baina hori da, hain zuzen, Hollow Knighten unibertsoak gordetzen duen xarma. Pertsonaia atseginak, toki ederrak, munstro beldurgarriak eta misterio ilunak batzen ditu Silksongek, baina une epikoentzako tokia ere egongo da —eta a ze nolako uneak—.

Aldaketa handia ikusiko dugu, ordea: Hornetek hitz egin dezake, eta, horren ondorioz, bere asmoak zein helburuak argiak izango dira uneoro. Zaldunarekin ez genekien zertan genbiltzan: asko jokoaren amaierara arte erabat galduta ibiliko ziren gidoi aldetik —baita bukatu ostean ere—, baina hemen testuingurua ulerterrazagoa da, orokorrean.

 

Dotoretuta

Gauza bera gertatzen da gure helburuekin, bai nagusiekin, bai bigarren mailakoekin: Hornetek aktibo dituen misioen jarraipena egiteko menua dauka. Helburu garrantzitsu bat abiatzerakoan argi eta garbi adieraziko zaigu, eta select menuan jarraitu beharreko pausoak edo misioa betetzeko falta zaizkigun baliabideak zehaztuko dira; zenbait kasutan, mapan helburuaren kokapena markatuko da. Hasiera batean beldur pixkat eragin dezake metroidvaniazale amorratuenen artean, baina ez dut uste ezer errazten duenik: inoiz ez digu jarraitu beharreko bide zehatza adieraziko, aurretik gainditzeko oztopoak, itxitako ateak eta gainditu beharreko munstroak izango baititugu. Metroid Prime tituluetako adierazleek egin bezala, gure helburuak gogoan eta zerrendatuta edukitzeko balio du menuak, eskertzeko berrikuntza izanik.

Jokagarritasunarekin hasita, Horneten mugimendu sortari heldu behar zaio. Arestian aipatu modura, bizkorragoa, dotoreagoa da gure protagonista berria, baina botere sinpleekin hasiko du bidaia: jotzea, salto egitea eta bizitza berreskuratzea, ez dauka besterik horrenbeste denbora espetxeratuta eman ondoren. Asko eskertzen den funtzioa dauka hasiera batetik, hori bai: salto egiterakoan plataformen ertzetara iritsiz gero, automatikoki igoko ditu, Samus Aran ehiztariak azken Metroid jokoetan egin modura.

Kolpeen aldetik, ez dugu ezer berezirik nabariko abiaduratik eta irisgarritasunetik haratago… lehen nabarmendutako pogo edo beheranzko kolpera iritsi arte. Esan bezala, Hornetek diagonalean erasotzen du, mugimendua zeharo aldatuz; noski, gako hau borroketan zein plataformetan kontuan hartzekoa izango da. Team Cherrykoek mugimendu honi lotutako hainbat plataforma atal prestatu dituzte oraingoan, eta, ohitu ezean, eraso diagonalek bat baino gehiago erotzea lortuko dute.

Zorionez, lehenengo orduen ostean gure mugimendu sorta goitik behera aldatuko duen zerbait eskuratuko du Hornetek: armarri edo blasoi desberdinek oinarrizko eraso desberdinak eskainiko dizkio intsektuari. Horrela, lehenengo jokoko Zaldunaren antzeko mugimendu sorta lor dezakegu, magian oinarritutako abilezia bereziak, edo beste hainbat eraso. Jokalariei gustuko eskaintza aurkezteko bide aproposa da, baina norbere beharretara egokitzen den armarria aurkitzea ez da erraza izango, sarritan gune sekretuen edo borroka gogorren atzean ezkutatzen baitira.

Helburu garrantzitsu bat abiatzerakoan argi eta garbi adieraziko zaigu, eta select menuan jarraitu beharreko pausoak edo misioa betetzeko falta zaizkigun baliabideak zehaztuko dira.

Armarriei lotuta daude, gainera, kutunak eta erremintak erabiltzeko artekak. Blasoi bakoitzak kolore desberdinetako tresnak lotzeko aukera eskaintzen du; adibidez, hasierako armarriak arteka zuri bat, gorri bat, urdin bat eta hori bat dauzka. Zuriek abilezia berezi boteretsuak erabiltzeko balio dute; gorriek, berriz, erasotzeko erremintentzat dira; urdinek defentsarako tresnak ahalbidetuko dituzte; bukatzeko, horiak esploraziorako eta laguntza orokorrerako abileziak txertatzeko dira.

Hauek ere mundua esploratuz batuko ditugu, eta Silksongen altxor handia dira: erremintak erabili barik, borroketako asko zailegiak eta luzeegiak izango lirateke. Borrokaldi bakoitzerako komenigarrienak ekipatzea nahitaezkoa da: arerio hegalariak daudenean, adibidez, jaurtitzeko aiztoak edo kunai-ak itzel datoz; lurretik dabiltzanean, ezten batzuek sekulako sarraskiak eragin ditzakete… baina aukera irudimentsuagoak ere egon badaude. Gure esku dago, beraz, unean uneko ekipamendua eta mugimendu sorta prestatzea.

Erremintak gehikuntza bikaina badira ere, bere alde txarrak dituzte: kopuru mugatua eramango du soinean Hornetek, eta jarlekuetan atseden hartzerakoan konponduko ditu erabilitakoak. Horretarako, arerioek uzten dituzten edo kokalekuetatik sakabanatuta aurkitzen diren oskol puskak beharko ditu. Asko lortuko ditugu, eta hauek areagotzen dituzten objektuak ere erabil ditzakegu; tamalez, gainean eraman dezakegun kopurua urria da.

Horrek hainbat arazo dakartza: buruzagien aurka behin eta berriz borrokan aritzerakoan —alegia, dozenaka aldiz hiltzerakoan— oskol zatiok agortu zaizkit behin baino gehiagotan, eta, horren ondorioz, aurrera eta atzera ibili behar izan naiz hauek farmeatzen. Etsai nagusien aurka berriz itzultzea prozesu nekagarria izan daiteke sarritan; erremintak edukitzeko baliabideen bila aritzeak are nekezagoa egiten du. Mekanika guztiz alboratzeak ondo egingo lioke abenturari; aldi berean, egia da erreminten poltsa hobetzeko aukera dagoela, eraman ditzakegun oskol pusken kopurua areagotuz zein atseden hartzen dugun bakoitzerakoan sortzen ditugun tresnak biderkatuz.

Lehenengo orduen ostean gure mugimendu sorta goitik behera aldatuko duen zerbait eskuratuko du Hornetek: armarri edo blasoi desberdinek oinarrizko eraso desberdinak eskainiko dizkio intsektuari.

Antzekoa jazotzen da diruarekin. Arrosario bihiak beharko ditugu askotarikoak ordaintzeko: dendariek saltzen dituzten objektuak erosteko balio dute, bai, baina baita gordetzeko eta atseden hartzeko eserleku asko agerrarazteko, bidaia azkarrerako guneak zabaltzeko zein beste hainbat ekintza egiteko. Diru asko behar da, orokorrean, eta hiltzerakoan hauek galtzeko arriskua daukagunez, kontu handiz ibiltzea eskatzen digu. Garatzaileek jokalarien lehen kexei erantzun diete, gaurkotzeen bitartez ordainsari eskuzabalagoak eskaintzeko; gainera, dirua lortzeko balio duten misioak errepika ditzakegu.

 

Bizi. Hil. Errepikatu.

Iritsi da azkenik zailtasunari hitz egiteko unea: denetariko polemikak sortu dituen gaia. Aurrekoaren benetako amaiera lortuta gainditu zutenak ondo gogortuta egon daitezkeen arren, Silksongek aurkezten duen erronka latza eta gogorra da. Ez badugu esploratzen, arerio arruntak, plataforma atalak, eta, batez ere, buruzagi indartsuak zein arerio amaigabeen gelak gainditzea benetan zaila izan daiteke; esploratzeari ekiten badiogu, erronka are gaitzagoekin topo egingo dugu.

Beharrezkoa da, dena den, bigarren mailako helburu horiei ekitea: aipatutako armarriak zein erremintak lortzeko baliogarriak dira, baita bizitza areagotzeko zein abilezia bereziak erabiltzeko zeta biltzeko maskarak eta harilak eskuratzeko. Gure ezpata indartzeko olioak ere ondo ezkutaturik daude mapan, eta benetan eskertzekoak zein beharrezkoak direla desafiorik gogorrenei ekiterakoan.

Hiltzerakoan aurreko jokoaren antzeko mekanika errepikatuta ikusiko dugu: kasu honetan, Hornetek utzitako kuskua hautsi beharko dugu zeta zein arrosario bihiak berreskuratzeko. Behintzat, ez dugu gure itzalik garaitu behar.

Abilezia berezi orokorrak ere laguntza bedeinkatua dira guretzat: airean mantentzeko edo hormei heltzeko mugimenduei esker borrokak nabarmen erraztuko zaizkigu, batez ere abileziok modu erangikorrean erabiltzera ohitzen hasterakoan.

Laburbilduz: Silksongena ez da mundu guztiarentzako erronka. Baina gauza bera gertatzen zen Hollow Knight originalarekin; hortaz, esperientzia horrekin gozatu zutenek ez dute arazorik izango Horneten abenturari heltzerakoan, nahiz eta une batzuetan sufri dezaketen. ‘Git gud’, Hornetek esango lukeen moduan, treba zaitez.

 

Aldatzen doan erresuma bizia

Pharloom erresumak sekretu ugari gordetzen ditu, esan bezala: guztiak aurkitzeko adi ibili beharko gara, kokalekuetako ertz, horma zein sabai guztiak arakatuz. Noizean behin erresumaren istorioari lotutako zerbait edo oskol puskak eskainiko dizkigute, baina, bestela, beti dago zerbait interesgarria. Gainera, ez dakigu noiz gabiltzan urruntzen bide nagusitik: hartutako bidezidor hori ezinbestean jarraitu beharrekoa izan daiteke agian… Mapa erraldoiarekin batera, dibertigarria eta entretenigarria da txoko desberdinak lotzen joatea, batez ere, biomen arteko loturak ikusita. Benetan toki gogoangarria eratu dute Pharloomekin, eta Team Cherryk kokalekuetako hondoekin zein testuinguruarekin istorioa nahiz lore-a batzeko eta aberasteko duen trebetasuna goraipatzekoa da.

Jokoa atalka banatuta dagoenez, batetik bestera aldaketa handiak zein txikiak ikusiko ditugu; hori dela eta, gertakari batzuk ikusi gabe gera daitezke partida batean. Berriz jokatzera anima dezakeen ezaugarria da, batez ere lagunekin jazotakoak alderatu ondoren, eta une zirraragarriren bat galdu duzula ohartzerakoan… edo, kontrakoa: desesperagarria izan daiteke berriz jokatu nahi ez duen jokalariarentzat.

Narratibari dagokionez, maisulan hutsa aurkituko dugu Silksongen. Aurreko jokoarekin loturak dituen, baina aldi berean zerbait guztiz desberdina proposatzen digun gidoia dauka bigarren atalak. Galduta ibiliko gara, beti bezala, baina oraingoan istorioa jarraitzea errazagoa da: pixkanaka-pixkanaka misterioak argitzen gabiltzala are gehiago barneratuko gara bere munduan, azkenik maila eta kalitate ikaragarriko une epikoak erakusteko. Amaierarantza, batez ere, maitemindu nau benetan Horneten istorioak: gauza benetan ikusgarriak eta bereziak egiten ditu, zur eta lur uztekoak.

Aurrekoaren benetako amaiera lortuta gainditu zutenak ondo gogortuta egon daitezkeen arren, Silksongek aurkezten duen erronka latza eta gogorra da.

Aurkezpen zoragarriari eta Christopher Larkin musikagilearen soinu banda bikainari eskertu behar dio hau jokoak. Zinematika batzuen maila erotzekoa da; musika, lehenengo jokoaren aldean horren gogoangarria izan gabe —sarritan bolumen aldetik ez da behar bezainbeste entzuten, Godhome erako gune baten beharra dago etsai nagusien doinuak ganoraz gozatzeko— abesti ederrez beteta dago.

200 arerio mota, 40 buruzagi baino gehiago, gune eta bioma mordoa, desblokeatzeko abilezia zein erreminta ugari… eduki aldetik beteta dator jokoa; alegia, ez da batere laburra. Metroidvania jokoak motzak eta birjokagarriak ziren aspaldi, baina azken urteotan azpigeneroko tituluen iraupena nabarmen hazten joan da: nire kasuan, 53 ordu behar izan ditut jokoa bukatzeko… eta are sekretu gehiago geratzen zaizkit.

Hollow Knight: Silksong espero genuena eta are gehiago da. Mundu zabala, misteriotsua eta ederra ezagutzera eramango gaitu, duelu zein jauzi zailekin, bai, baina sagaren zaleek gogo handiz gozatuko dituztenekin. Originala beti egongo da gure bihotzetan; bigarrena, are hobea dela esan dezaket. Orain, garatzaileek agindutako eduki gehigarriei itxarotea geratzen zaigu: aurrekoen maila mantentzen badute, maisulana are gehiago borobiltzea lortuko dute.

Erlazionatutako edukiak:

Metroidvania guztien erregea - Hollow Knight

Hollow Knight metroidvania abentura euskaratu du Ibai Oihanguren zaleak