Edge aldizkariak metroidvania jokoari buruzko erreportaje zabala argitaratu du. Ez dute argitaratze datarik zehaztu.
Team Cherry hiru kidez osatuta dagoen garatzaile australiar txikia den arren, azken urteetako jokorik aipagarrienetakoa sortu zuten Hollow Knightekin. 2019an jarraipena iragarri zuten, Silksong azpitituluarekin. Ordutik hona oso informazio gutxi eskaini dute garatzaileek, baina Edge aldizkariaren 2021eko lehen alea Silksongi buruzko erreportaje luzearekin argitaratu da.
Esplorazio, borroka eta plataforma jokoa izaten jarraituko du bigarren jokoak, baina aldaketa eta berritasun asko ekarriko ditu. Hasteko eta behin protagonista berria izango du: Hornet. Izaki hau lehen jokoa pasa dutenek ondo ezagutzen dute, eta trebetasun propioek jokatzeko era guztiz aldatuko dute jarraipenean.
Hori horrela, Team Cherrykoek argi esan dute zailtasun aldetik maila berbera mantenduko dutela. Lehen Hollow Knight zaila bezain dibertigarria zen, eta Silksongek horrela jarraitzea nahi dute. Dena den lehen jokoko protagonistaren aldean Hornet askoz ere azkarragoa izango dela diote garatzaileek, eta ez mugimendu aldetik soilik: protagonista berriak eskalatzeko aukera edukiko du, baita akrobaziak egiteko aukera ere.
Protagonista borrokalari trebea izanik, etsaien aurkako borrokak beste era batera biziko dituzte jokalariek, eta hauen eraso eta mugimenduak konplexuagoak izango dira. Gainera, bizitza barra beteta edo ia hutsik izatea ohikoa izango dela diote australiarrek, bizitza berreskuratzeko bidea desberdina izanik etengabe betez eta hustuz joango baitira jokalariak.
Bisitatu beharreko erreinu berriak kokaleku anitzak bilduko ditu. Maparen tamaina zehaztu gabe, partida gordetzeko 100 bat gune egongo direla azaldu dute; jatorrizko jokoan baino askoz kopuru handiagoa da. Joko originalak jasotako ohiko kritika hildako bakoitzean errepikatu beharreko ibilbide luzeak izaten ohi dira, beraz suposatzekoa da garatzaileak hori saihesteko lanean ari direla.
Hornetek tresnak sortzeko aukera izango du gune horietan. Bigarren mailako misioak argiagoak izango dira oraingoan, eta horien aurrerapena jarraitu ahalko da.
Hollow Knight: Silksong PC eta Switcherako argitaratzea aurreikusita dute Team Cherrykoek. Aspaldiko partez jokoari buruz mintzatu diren arren, argitaratze datarik zehaztu gabe jarraitzen dute garatzaileek.
2019an lehen jokoaren analisia idatzi genuen Game Erauntsian, eta hau esaten genuen Hollow Knightengatik:
Abenturazaleentzako altxorra da Hollow Knight. Azpigeneroko obra esanguratsuenen parean, edo are gorago dago: bere maisuengatik ikasi eta azken urteetan sortu den Metroidvania ikusgarrienetakoa da
Testu osoa irakurri nahi izanez gero, sakatu esteka honetan.
Iruzkinak