Aloy-ren mendebaldeko abentura otsailaren 18an hasiko da PlayStation 5-ean nahiz PlayStation 4-an. Arerio eta arrisku berriekin topo egingo du bertan.
Hilabete eskas falta da PlayStationen hurrengo obra handia estreinatzeko: Horizon Forbidden West ia hemen da, eta promozio kanpainarekin azken zertzeladak eskaintzen hasi dira Guerrila Games-eko garatzaileak. Horren erakusgarri da zabaldu dute azken bideoa; bertan, Aloyk gainditu beharreko erronkak aurkeztu dituzte.
Lurra hiltzen ari da eta bizilaguna sufritzen dabiltza. Are gehiago, gizadiari laguntzeko dauden makinak zoratzen dabiltza, basati bihurtzen. Konponbidea eta erantzun guztiak mendebaldean aurkitzen dira: debekatutako mendebaldean.
Izan ere, bertako gizaki zein makinak guda garaietan bizi dira. Hori batez ere erreboltari talde bati esker gertatzen da: Regalla deitutako buruaren aginpean, sekulako indarra dute matxinoek. Botere berezi bat dauka etsai nagusiak; makinak kontrolatzeko ahalmena dauka, eta horri esker tamaina erraldoiko pizti arriskutsuak menperatzen ditu.
Bestelako pertsonaia berriak ere daude. Horien artean nabarmentzekoa da Carrie-Anne Moss aktoreak antzeztutako Tilda: iraganarekin lotutako misterio asko argituko ditu emakume honek.
Kokaleku berriak, botere ezezagunak eta askoz gehiago eskainiko ditu Horizon Forbidden Westek. Horiek sakontasunean erakutsi zituzten PlayStationekoek orain hilabete batzuk egindako State of Play aurkezpenean.
Otsailaren 18an estreinatuko da Horizon Forbidden West PS5erako eta PS4rako.
Iruzkinak