Lemmings estiloko erronkak proposatzen ditu tha ltd. taldearen jokoak. Iaz kaleratu zen PlayStation kontsoletan eta ordenagailuetan.
IGN x ID@Xbox Digital Showcase aurkezpenak hainbat eta hainbat iragarpen utzi dizkigu. Esanguratsuena, zalantzarik gabe, azkena izan zen: Humanity puzzle abentura saritua Xbox Series zein Xbox One kontsoletara dator, eta maiatzaren 30ean estreinatuko da.
Shiba Inu txakurrean bilakatuko gara Humanityn. Gure helburua izenburuak adierazten duen gizadia gidatzea da: hiru dimentsioko ezinezko guneetan helmugara iritsi ahal izateko bidea adierazi beharko diegu gizakiei.
Bidean era guztietako oztopoak ikusiko ditugu, hori bai: haizagailuak, amildegiak, eztenak… baita armaden arteko borrokak ere. Norabidea zehazten goazela hainbat aldaketa egin beharko ditugu ezarritako ibilbidean, adi eta azkar ibilita.
Horrela, Lemmings eta Captain Toad: Treasure Tracker estiloko puzzle jokoen nahasketatzat izenda dezakegu tha ltd. taldearen jokoa. Plataforma jokoen kutsua ere badauka; izan ere, jauziren bat edo beste ematea ezinbestekoa izango da helmugarako bidean.
90 bat maila ofizial aurkituko ditugu bideojokoan; hala ere, jokalarien komunitateak bere erronkak sortzeko nahiz partekatzeko aukera dauka editoreari esker, Humanityren puzzleak biderkatuz.
Proposamen sinple baina bitxi honen atzean sekulako kritikak eta balorazioak lortu dituen titulua dago. Iaz PlayStation eta PC plataformetako jokalariak maitemindu zituen, bidean indie garatzaileei zuzendutako zenbait sari jasota.
Xboxeko puzzlezaleentzat aukera ezinhobea da, beraz, Humanityn aritzekoa. Esan bezala, maiatzaren 30ean hasiko dira shiba inuaren abenturak Microsoft-en kontsoletan.
Iruzkinak