Ibai Aizpurua garatzaile irundarrak Durangoko Azokako IV. Sormen Beka irabazi berri du Barraka proiektuarengatik. Zomorro Studioko sortzaileak urtebeteko epea izango du bideo-jokoa garatu eta datorren urteko azokan aurkezteko.
Zer biziko dugu Barrakan?
Barraka esplorazio eta abentura jokoa izango da. Ainhoa izeneko neska gaztea kontrolatuko dugu bertan; festaz festa joaten da udan, herri batetik bestera, barraka batetik bestera. Izan ere, bere amak txurroen postua dauka, eta Ainhoa laguntzen egoten da. Festa batean barraka desberdin bat ikusten du, eta bertara igo ondoren mundua eraldatu egin dela konturatuko da. Sorgindutako barraka batera igo da. Hori da premisa nagusia.
Urtebete daukat jokoa garatzeko; premisa nagusi hau mantenduko da gutxi gorabehera, baina beste gauza asko alda daitezke denborarekin. Barrakak eta inguruko txokoak eraldatuta egongo dira, esan bezala: txokolatezko, gozokien elementuekin eraikitakoak dira. Bertan lagun eta etsai desberdinekin topo egingo dugu: NPC-ekin hitz egin ahalko da, eta hauek laguntza edo erronkak eskainiko dituzte. Etsaien kasuan litxarreria desberdinen itxura emango diet: azukrezko hodeiak, txokolatinak… Jokoaren helburua mundu xelebre horretatik ateratzea izango da, eta amarekin elkartzea.
Nondik dator jokoaren ideia?
Bakarka zein taldeka hainbat urte daramatzat joko prototipoak sortzen. Normalean Game Jam-etan sortzen ditut, egun batetik bestera: gaia ateratzen da eta erabakiak azkar hartu behar dira, batzuetan azkarregi, baina egia da askotan gauza xelebreak sortzen direla horrela.
Orokorrean, bideo-jokoak sortzeko bi era daude, aspaldi artikulu batean irakurri nuenez: batetik, mekaniketatik hasi daiteke, hauei itxura eta forma emanez; bestetik, ideia edo mundu bat irudikatzen hasi eta gero horiei mekanika batzuk lotzea da beste modua. Barrakaren kasuan diseinua goitik behera egiten ari naiz; ez da gauzak horrela egiten ditudan lehen aldia. Politena, azken batean, mekanika nahiz girotzea elkarrekin joatea, eskutik joatea da. Hori da niretzako gauzarik egokiena.
Kasu honetan, gehiago landu dut lehenengo ideia, baina mekanikak ez dauzkat lotuta. Egia esan, jokoaren prototipoa ez da existitzen. Beraz, urte hau lasai hartuko dut mekanika desberdinak probatzeko, prototipo desberdinak sortu nahi ditut. Hau da, urtebete daukat esperimentatzeko eta mekanika egokienak aukeratzeko.
Game Erauntsian egin zenidaten elkarrizketan aipatu nuen etorkizunean zer egin nahi nuen: esplorazioko joko bat. Nahiko lasaia den esplorazio joko batek asko erakartzen nau; borroka momentuetan karta edo txanda bidez egitea gustatuko litzaidake, baina ezin dut ezer agindu: lehenengo probak egin beharko ditut. Ez nago ohituta gauza horiek egitera, orduan… nolakoa izango den? Esplorazio jokoa izango da: inguruak ondo ikertu beharko dituzu; agian, abentura grafikoen elementuak izan ditzake; borroken kasuan, txandakakoak izan daitezke. Ezin dut gehiegi aurreratu alde hortatik, ikusteko dago.
Esploraziozko joko bat egin nahi nuela neukan buruan: aurten parke tematikoak asko gustatu zaizkit bereziki eta hauen inguruan ikertzen ibili naiz: liburu batzuk ditut hementxe, ehundaka bideo ikusi ditut parke tematikoen inguruan… eta berez, arlo honekin harremana daukan jokoa egiteko asmoa eduki dut. Parke tematikoena euskaldunontzako nahiko urrun gelditzen den gaia dela ikusten nuen: Euskal Herrian ez daukagu halakorik, kontu pixkat atzerritarra da. Gainera, bideo-jokoen munduan asko landu den girotzea da: parke tematikoak sortzeko jokoak daude: Theme Park edota Rollercoaster Tycoon asko gustatzen zaizkit, batez ere lehenak.
Gai hori oso ongi lantzen zen horietan, biak dira eraikuntza jokoak. Baina aldiz, parke tematiko hauek urrun geratu arren antzeko zerbait dira barrakak: herri guztietan daude, beti izan dut buruan autotxokeen jokoa egitea, tentagarria egiten zait. Beti iruditu zait barrakak tematikoki oso interesgarriak direla, bai bisualki zein soinu aldetik: barrakek dauzkaten zarata xelebre horiek, janaria… Orduan, hortik etorri da ideia. Gero, esan bezala elementu asko janariarekin eta gozokiekin erlazionatutakoak izango dira.
Bakarka sortutako proiektua izango da?
Barraka erdi bakarka sortutakoa izango da hein handi batean: lanaren % 90a edo horrela, oraingoz behintzat, nik neuk sortutakoa izango da: programazioa, animazioa, diseinua, soinua, etab. Musikarako ziur asko Gonzalo Sardonen laguntza jasoko dut: bere eskuetan egongo da behintzat doinu nagusiak egitea. Gero ez dakit zein puntutaraino egin dezakedan zerbait arlo horretan. Baina bai, jokoaren gehiengoa nik neuk sortuko dut.
Milesker Durangoko Azokari, Gerediaga Elkarteari eta Durangoko Udalari. Izugarrizko aukera da eman didatena, oraindik asimilatzen nago. Berria sareetan ikusi ondoren aurkeztera animatu nintzen. Asteburu oso bat hartu eta gogor lan egin ondoren bidali nuen proiektua.
Stop motion teknikaren bidez prestatuko duzu atal grafikoa. Nola egiten duzu hau?
Berez stop motion edo halako teknika mistoa izango da. Ez da irudi erreala erabiltzen dudan lehen aldia. Historian orain arte egin den Game Jam-ik handienean parte hartzeko erabaki nuen stop motiona eta irudi erreala nahastea bideo-joko batean. Egia esan, abantaila asko dituela ikusi nuen: argazkiak ateratzea edo batzuetan maketa batzuekin argazki bidezko animazioa, konposaketak eratzea ilustrazioak marraztea edo hiru dimentsioetan modelatzea baino azkarragoa da.
Orduan, irudi errealak erabiltzearen arrazoietako bat azkartasuna da; bestalde, polita da. Guillotine garatzen nabilen arren, orain pixkat utzita daukadan arren, pixel arteko joko mordoa daude, batez ere indie jokoetan. Aldiz, iruditzen zait teknika desberdinak nahasten dituzten joko gutxi daudela.
Barrakarekin proba asko egin ditut, eta oraingoz ziur aski hondoak, etsai batzuk eta beste elementu batzuk errealak izango dira, argazkiekin egindakoak; egin ditudan probetan asko gustatu zait Ainhoa protagonista bi dimentsiotako animaziozko pertsonaia izatea. Probetan gustatu zait, baina gero agian bukaerako emaitzan edo prozesuan aldatuko dut.
Nire gelan mahai gainean plato txiki bat eraikitzen dut eta bertan konposaketak egin ditzaket objektu errealekin. Argazkia atera eta ordenagailua erabilita montatzen ditut: pertsonaiak eta mugituko diren elementuak aparte jarrita. Bi dimentsioetako pertsonaia nagusiak marrazketako programa erabilita eratu ditut; orain arte sortutakoak concept arte edo mock up batzuk dira: joko baten bukaerako itxura daukaten irudiak dira, baina bukaerako emaitzak ez du zertan berbera izan: hobea izatea espero dut.
Construct 3 programa erabilita garatuko dut programazio aldetik; urteak daramatzat prototipoak sortzen modu honetara, eta egia esan programa hau irakasten dut. Gaur bertan gazte batzuei irakasten ibili naiz.
Ez da teknika hau erabiltzen duzun lehen aldia: Game Jam batean garatutako Arroxarekin gauza bera egin zenuen. Barraka honen jarraipena al da?
Arroxa eta Barraka antzeko teknika erabilita sortu ditut, baina Arroxa eskuz egindako materialez osatutako izakiak direla imajinatzen dut: hauek mundu erreala inbaditzen dute. Nere logela, sukaldeko mahaia, garajea edo laneko mahai zaharrak inbadituko dituzte. Txiste bezala mundu errealeko objektuekin elkarri eragingo diote: guraizeekin, kolarekin, txintxetekin… musika nere ahotsarekin sortutakoa izango da, esate baterako.
Barraka ez da bide beretik joango: janariarekin egindako arerioak izango dira, eta perspektiba ez dakit bietan berbera izango den. Arroxan akziora joko dut gehiago, puzzle elementu batzuk sartzeko asmoa dudan arren; Barraka, aldiz, joko lasaiagoa izango da, askoz akzio gutxiagorekin.
Bideo-joko plataforma desberdinetan ikusiko dugu?
Bideo-jokoa burutzeko urtebete izango dut: mugikorretarako eta ordenagailuentzako izango da. Berez ezin dut esan urtebetean saltoki ezagunetan aurki ahalko denik; Durangoko Azokan bai egongo da eskuragarri, baina plataforma jakinetara igotzeko prozesu bat jarraitu behar da eta baita denbora ere. Beraz, urtebete daukat jokoa garatzeko, baina ziur asko ez da Steam-en egongo; Google Play-en adibidez, bai, argitaratzeko sinpleagoa da. Oraindik ezin dut guztia zehaztu, baina bukatuta bai egongo da.
Urtebeteko epea daukazu jokoa prestatzeko. Tarte horretan jokoaren berritasunak ikusiko ditugu?
Aurrerapenak eta eboluzioa igotzen ibiliko naiz, ez dakit zein puntutaraino merezi duen edo komenigarria den gauza hauek partekatzea, baina horretan ibiliko naiz pixkanaka.
Bitartean, beste proiektuetan lanean jarraituko duzu? Guillotine duzu hor, esate baterako…
Bai, beste proiektuekin aurrera egingo dut. Arroxarekin jarraituko dut eta Guillotine pixkanaka lantzeko asmoa daukat. Oraingoz Guillotine motelago hartzea erabaki dut, proiektu nahiko handia dela iruditzen zaidalako. Nire eguneroko lana urtebetez utzi dut, eszedentzia hartuta: denbora hau proiektu hauek egiteko erabili nahi dut, eta aldi berean nire beste ezagutzak hobetzen joateko. Blender hobeto erabiltzen ikasi nahi dut, zerbait ezagutzen dudan arren aspaldian ez dut ukitu adibidez. Jakintzak hobetu, eta ilustrazioak egin, ea guztirako denbora daukadan.
Barraka abentura laburra izango da: urtebete daukat eta bakarrik egingo dut, beraz lan izugarria da. Ezin dut gehiegi zehaztu, baina iraupen motza edukiko du. Jokatzeko erraza izatea nahi dut, 8-10 urtetik aurrerako pertsonei zuzendutakoa baina familia osoak jokatzeko modukoa: agian haur batek gainditu dezake baina ez % 100ean osatu. Horretarako familiako lagunen laguntza jasotzea izango da aproposa eta dibertigarria. Hau da, adin guztientzako gozagarria eta dibertigarria izatea nahi dut.
Erlazionatutako edukiak:
Barraka deitzen da Ibai Aizpurua garatzaile euskaldunaren hurrengo bideo-jokoa
Iruzkinak