Majora’s Mask-en gertatutakoetatik 27 urte igaro dira zaleek sortutako lanean. Link nagusiarekin jokatuko dugu.
The Legend of Zelda: Ocarina of Time maisulana oinarri hartzen duen Indigo romhack proiektua aski ezaguna da azken urteetatik. Dozenaka ideia eta bideo argitaratu ostean, benetako lehen aurrerapena eskaini dute egileek, orain arteko anbiziorik handieneko elkarlana dela aditzera emateko helburuarekin.
Bideoan zahartutako Link aurkezten zaigu; izan ere, Indigon 27 urte igaro dira The Legend of Zelda: Majora’s Masken jazotakoetatik. Kokiri jantzi berdea gordeta, elurtutako ingurunean ageri da harmonika jotzen, ocarina ere ahaztuta.
Protagonistaren modelo berria Lelensio izeneko sortzailearen eskutik dator: Indigo taldetik testuretan, animazioan eta modelatzean aditua dela diote, proiektuarentzako gehikuntza aproposa izanik. Ez hori bakarrik: “Buruzagi ikusgarriak” prestatzen dabiltzala aurreratu digute.
Ocarina of Time hartutako romhack proiektu ugari ezagutu ditugu azkenaldian: The Missing Link edo Sands of Time, adibidez. Indigo da, halere, sona handienekoena: duela bi urte hasi ziren objektu, mapa edo etsai berrien bideoak argitaratzen, zaleen begirada guztiak erakartzea lortuta. Proba pare bat argitaratu dituzte, gainera, maila aparta erakusita.
Moldatutako bideojokoa “2025 bukaeran… ziurrenik” kaleratuko dutela adierazi digute arduradunek. Aurrerapenekin Nintendo-ren obra originala eraldatzeko ikasi beharrekoak aurkitu dituztela aditzera eman ondoren, benetako garapena orain gutxi hasi dutela esan daiteke.
Adi ibili beharko gara, hortaz. TLoZ: Ocarina of Time originalaren ROM fitxategia beharko dugu Indigon jokatu ahal izateko. Emulagailuetan funtzionatuko du, baina, dena ondo badoa, Nintendo 64 originalean mugitzeko gai izango gara.
Iruzkinak