Abenduaren 5ean kaleratu zuen Infold Games txinatarrak PS5ean, PCan zein Android eta iOS gailuetan.

Infinity Nikkik hamar milioi erabiltzaileak gainditu dituela jakitera eman dute arduradunek. Infold Games —Papergames, txinan— taldearen azken tituluak mundu irekiko proposamen zabala dakar, guztiz dohainik.

Bost egun baino ez ditu behar izan horretarako: datuak astelehenean eskaini zituen estudioak, jokoa abenduaren 5ean merkaturatu ondoren. PlayStation 5 kontsolan zein ordenagailuetan eskura daiteke, baita Android eta iOS gailu mugikorretan ere.

Askok ez badugu ezagutzen ere, Nikki sagaren bosgarren atalaren aurrean gaude. NikkiUp2U tituluarekin hasi zuen bere ibilbidea 2012an: arropak eta jantziak aukeratzea baino ez zigun eskatzen mekanika aldetik. Frankizia haziz joan da: laugarren Shining Nikki jokoak, esaterako, 100 milioi deskarga baino gehiago biltzen ditu.

Egungo Infinity Nikkirekin oinarriak guztiz aldatu dituzte egileek. Esan bezala, mundu ireki erraldoia esploratzea proposatzen digu jokoak; egia esan, lehen begirada batean Genshin Impact-en klona dela pentsa daiteke.

Esplorazioarekin batera borrokak eta plataforma erronkak ere ikusiko ditugu, baina ez dira jokoaren ardatz nagusia; horren ordez, era askotako minijokoetan parte hartuko dugu baliabideak lortzeko helburuarekin, baita puzzleak gainditu edo ziegak zeharkatu ere. Guztia, nola ez, jantzi berriak eskuratu ahal izateko.

“Mundu irekiko jokorik atseginena” dela diote txinatarrek, eta egia esaten dabiltza, ziurrenik. Ezaugarri eta abilezia desberdinak dituzten printzesak lortzen ibiliko gara desafio desberdinei modurik eraginkorrenean aurre egiteko. Zerbitzu motako jokoa denez, etorkizunean prestatutakoak hedatzen eta areagotzen joango dira era guztietako eduki berriekin. Guztia, ikaragarrizko atal grafikoarekin… eta gacha elementuekin.

Doakoa izateaz gain, jokalarien lehen balorazioek benetan dibertigarria eta erakargarria dela diote; lortutako arrakasta ez da harritzekoa, beraz.

Egunotan estreinatutako beste zerbitzu joko batek ere antzeko marka eskuratu du: Marvel Rivals-ek hamar milioi jokalariak lortu zituen aurrekoan.

Esan bezala, Infinity Nikki Androiden, iOSen, PS5ean eta PCan joka dezakegu; ordenagailuen kasuan, jokoaren launcher ofizialetik edo Epic Games Store saltokitik jaitsi daiteke.