90eko hamarkadako estetika bereganatzen du, arkade bideojokoak munstro erraldoiekin elkartuta.
Keplerians talde irundarrak beldurrezko titulu berria iragarri du: Glitchmare bitxiak bideojoko klasikoak, atari birtualak eta munstro odoltsuak proposatuko dizkigu.
Iragarpena hainbat bideo txikiren bitartez burutu dute, jokoaren atal desberdinak erakutsita. Oklahoma hirian, “bideojoko bateko pertsonaiak gailutik ihes egitea lortu du”, azaltzen dute egileek, galdera bat eginda: “Bizirautea lortuko ote duzu?”.
Pokémon sagako pertsonaiekin antzekotasun handiak dituen protagonista berritik hasita, Oklahoman girotutako ingurune ilunak, arkade makina bitxiak zein hartz itxurako munstro erraldoia ezagutzera eman dituzte; izan ere, 90eko hamarkadako hainbat elementu hartu dituzte oraingoan istorioa eratzeko.
Irailaren 27tik 29ra Bartzelonan egingo den Indie Dev Day topaketan parte hartuko dute Kepleriansekoek: bertan parte hartuko dute Alex Camarero taldeko zuzendariak eta Mikel Antero artista kontzeptual nagusiak. Jokoaren aurkezpenarekin batera hau probatzeko aukera ere egongo dela aurreratu dute.
Oraindik ez dakigu askorik Glitchmaren inguruan. Plataformak zehaztu gabe daude, baina gailu mugikorretara bideratutako titulua izango dela suposa dezakegu, estudioaren aurreko lanak eta obra berriaren atal grafikoa ikusita.
Argitaratze data ere ezezaguna da, baina komunitatearekin elkarlanean garatu nahi dute Glitchmare; hortaz, datozen asteetan nahiz hilabeteetan xehetasun gehiago jasoko ditugula dirudi.
Beldurra ardatz Irunen
Sasoi betean jarraitzen du Irungo estudioak. Android zein iOS gailu mugikorretarako doako bideojokoak kaleratzen jarraitzen dute, milioika deskarga lortuta: Evil Nun, Ice Scream eta Mr. Meat sagekin 475 milioi deskargak gainditu dituztela nabarmentzen dute.
Evil Nun: The Broken Mask berregitearekin, bestalde, PCra zein kontsoletara jauzi egitea lortu dute. Balorazio bikainak eskuratu dituzte moja beldurgarriaren abenturarekin, plataforma nagusiei aurre egiteko prest daudela erakutsita.
Iruzkinak