Main Loop estudioak Relevo Videogames garatzailearekin elkarlanean sortutako beat ‘em up abentura iaz estreinatu zen PC-an eta PlayStation kontsoletan.
Euskarazko bideojokoetako bat Nintendoren kontsola hibridora iritsiko da bihar bertan: Main Loop estudio bilbotarraren Itadaki Smashi buruz ari gara. Selecta Play argitaletxeak baieztatu duenez, Nintendo eShop saltoki digitalaren bidez eskuratu ahalko da Switchean.
Beat ‘em up abentura klasikoen oinarriak eta mekanikak hartzen dituen jokoa prestatu zuten joan den urtean bilbotarrek: kolpeak, magiak, janaria, minijokoak eta etsai nagusiak ikusiko ditugu hemen. Aurretik PlayStation 5, PlayStation 4 eta PC plataformetan argitaratu da.
Katsu, Naru, Tako zein Mayo protagonisten artean aukeratu beharko dugu San Daigo hiriko kaleetatik zehar egurra emateko; hiriko gune desberdinetatik igaroko gara, kaleak, teilatuak, arkade aretoak, autobideak eta gehiago ikusita. Etsaiek jasotako kolpeak merezita edukiko dituzte, baina: Tengogo mafia osatzen duten yakuza gaizkileen zein bizirik dauden madarikatutako japoniar janarien aurka ibiliko gara.
Horretarako mugimendu sorta sinplea erabiliko dugu; hala eta guztiz ere, mugimendu bereziak ere azalduko zaizkigu, noski. Borrokalari bakoitzak bere abileziak eta ezaugarriak izango dituenez, behin eta berriz jokatzeko aitzakia aproposa daukagu. Ez hori bakarrik: lagun batekin aritzeko multijokalaria ere badaukagu. Ezin zen beste modu batera izan, beat ‘em up klasiko baten aurrean egonda.
Esan bezala, iaz estreinatzerakoan guztiz euskaratuta heldu zitzaigun Main Loopekoen titulua; Nintendo Switcherako hizkuntzak baieztatu ez dituzten arren, gauza bera egitea aurreikusten dugu. Jokoaren estreinaldia ospatzeko bideoanalisi berezia eskaini genion Game Erauntsiatik:
Itadaki Smash bihar merkaturatuko da Nintendo Switchean.
Iruzkinak