PS4 eta PCrako argitaratuko dute datorren urtean. Euskaraz jokatu ahalko da bi bertsioetan.
Sumo borrokalariak diren onigiriak, arma eta ahalmen bereziak eta kolpe mordoa batuko dituen Itadaki Smashek trailer berria dauka. Main Loop Videogames estudio bilbotarra PlayStation Talents markapean sortutako Games Camp ekimenaren barnean garatzen ari da beat ‘em up jokoa.
Orain egun batzuk PlayStation: The Moment aurkezpena egin zuten enpresa japoniarrekoak. Bertan zazpigarren PlayStation Sarien finalistak iragartzeaz gain Games Campetan sortzen ari diren obren berri eman zuten; horien artean egon zen Itadaki Smash.
Kutsu klasikoa duen abentura horretan Katsu eta bere adiskideen kontrola hartuko dute jokalariek. Yakuza talde batek Katsuren jatetxea suntsitzeko asmoa dauka: hori lortzeko janari guztia deabruetan bihurtu duen madarikazioa bota dute. Protagonistek erronka horri kolpeka aurre egin beharko die.
Beat ‘em up honek tokiko partidetan bi jokalarirentzako euskarria edukiko du, eta lau pertsonaia desberdinen artean aukeratu ahalko da. Main Loopekoen hitzetan “generoko klasikoak omentzen dituen mundu garaikide batean kokatutako beat ‘em upa da”.
Euskaratutako kolpeak
Euskaraz gozatu daitezkeen bideojokoen zerrenda nahiko laburra den arren, badaude obrak euskaratzeko lanean diharduten garatzaile zein zaleak. Game Erauntsiak euskaratutako jokoak batzen dituen zerrenda osatzeko lanari ekin zioen, eta laster Main Loopen Itadaki Smash gehitu beharko du zerrendara.
Izan ere, Itadaki Smash bere osotasunean euskaraz jokatzeko aukera egongo dela jakitera eman dute bilbotarrek. Nabarmendu dutenez bi plataformetako bertsioetan euskara hautatu ahal izango da hizkuntza aukeratzerako orduan.
Beat ‘em upa ez da izango Main Loopek euskaraz jokatzeko aukera emateko lan egiten duen lehen aldia: joan den urtean kaleratutako Submersed beldurrezko jokoa ere euskaratu zuten. ISrekin gertatuko den bezala, PS4rako eta PCrako eskuratu daiteke Submersed.
Esan bezala bilbotarrak PlayStation Talents Games Camp ekimenaren baitan ari dira bideojokoa sortzen. Orain gutxi ekintzaren 2021eko deialdia abiarazi du Sonyk hain zuzen ere: abenduaren 31ra arte era guztietako laguntzak jaso ahal izateko parte hartzeko aukera edukiko dute estudio txikiek.
Itadaki Smash PlayStation 4 zein PCrako estreinatuko da. Oraindik argitaratze data zehaztu ez duten arren, datorren urtean kaleratzea aurreikusten dute bilbotarrek.
Iruzkinak