Plataforma digitalean saldutako joko bakoitzaren irabazi guztiak garatzaileek jasoko dituzte.

Creator Day eguna bigarren aldiz egingo duela iragarri du Itch.io saltokiak. Ekimen honekin saldutako bideo-joko bakoitzarengatik lortutako irabazien %100a garatzaileengana joango da zuzenean, plataforma digitalak mozkinik atera gabe.

Bihar 09:00etan hasiko dute ekimena. Garatzaileek ezer berezirik egin gabe lortuko dute irabazien ehuneko guztia. Plataformaren arduradunek garatzaileei beraien lanak sare sozialetan zabaltzera animatu dituzte salmentak areagotzeko; Itch.io-n bertan beherapenak egiteko deia ere egin dute, modu horretara plataformako azalean agertzeko aukerak areagotzeko.

“Garatzaileek egiten dugun guztiaren bizkarrezurra eratzen dute”, azaldu dute arduradunek plataforman, “beraz Creator Day Itch.io-k bizirik jarraitzea posible egiten duten horiei zerbait itzultzeko modua da”. Creator Day joan den maiatzean egin zuten lehen aldiz, arrakasta handia lortuta.

Itch.io batez ere indie garatzaile eta estudioei zuzendutako plataforma da. Friday Night Funkin’, Among Us, A Short Hike, Celeste, Baba is You eta era guztietako bideo-jokoak aurkitu daitezke bertan.

PC-ko plataformen artean Itch.io da garatzaileei irabazien zatirik handiena eskaintzen diena: salmenta bakoitzaren %10a geratzen da saltokiko arduradunen eskuetan. Steam eta GOG plataforma digitalak, bestalde, %30arekin geratzen dira (Valven kasuan salmenten araberakoa da); Epic Games Store-ak %12a jasotzen du saldutako bideo-jokoengatik, eta gauza bera egingo du Microsoft-ek PCan abuztuaren 1etik aurrera. Kontsolen munduan %30a izaten da ohikoa.