Itzulpen proiektuak abiarazteko eta antolatzeko atala sortu dugu. Edonork parte har dezake: lagundu hasitako proiektuetan edo abiarazi zurea!
Euskara eta bideo-jokoak uztartzea da Game Erauntsia Elkartearen helburu nagusia. Hori lortzeko askotariko ekintzak nahiz proiektuak abiarazi ditugu: tailerrak, txapelketak, elkarlanak… Hala ere, gure oinarrietara itzulita zereginik garrantzitsuena euskaraz jokatzea lortzea da: Alde batetik, bideojokalari euskaldunek gure hizkuntzan jokatzeko eta harremantzeko txokoa edukitzeko lanean gabiltza; bestetik, horrenbeste maite ditugun bideo-jokoetara euskaraz jokatu ahal izateko itzulpenak kudeatzen ditugu.
Orain hilabete inguru zabaldutako komunitatearentzako galdetegian jasotako erantzunen artean, lokalizazio lanetan aritzeko nahia ikusi dugu zuon artean: askok aipatu duzue itzulpenekin laguntzea gogoa daukazuela. Itzulpen proiektuek sekulako indarra hartu dute azken urtean: 2021ean zaleek euskaratutako hainbat eta hainbat obra ikusi genituen —horiek eta askoz gehiago aurkituko dituzu gure euskarazko bideo-jokoen zerrendan—. Orokorrean, baina, sakabanatutako proiektuak izan dira: bakarka egindako itzulpenak, gehienbat.
Azken hilabeteetan pixkat aldatzen joan den joera da, baina. Telegram-eko Game Erauntsiaren taldeen arteean itzultzaileena dago, eta hainbat izan dira azkenaldian gehitu diren erabiltzaileak. Horri buelta bat ematea erabaki dugu eta hainbat aldaketa proposatu, bai gure komunitatea indartzen jarraitzeko, bai gure helburuak lortzea errazteko.
Itzulpen proiektuak abiarazteko, kudeatzeko eta antolatzeko plataformarik egokiena Discord dela uste dugu. Horregatik, alor honi zuzendutako kategoria sortu dugu Game Erauntsiaren zerbitzarian. Bertan proiektu desberdinak ezagutzera eman, zerrendatu, eta hauetan laguntzeko bideak eskaini ditugu. Batzuetan proiektu erraldoi bat burutzeko ezinbestekoa da laguntza edukitzea; besteetan, bukatuta edo ia amaitzeko dagoen proiektu horretan probak egiteko jendea baino ez da behar izaten. Edozertarako dela ere, komunitateak elkarrekin lan egiteko gunea prestatu dugu.
Parte hartzea benetan erraza da. Gure zerbitzarira sartu, eta bertako kategorien artean Itzulpen proiektuak deitutakoa ikusiko duzu. Hasiera batean ezer gutxi dagoela nabariko duzu: ongi etorria eta zerrenda baino ez. Euskaratzeekin lagundu nahi baduzu, ongi etorri atalean adierazi beharko duzu; administratzaileek itzultzaile rola eskainiko dizute, eta orduan abian dauden proiektuetarako sarbidea jasoko duzu. Hauek dira beraz jarraitu beharreko pausoak:
- Sartu gure Discord zerbitzarira.
- Itzulpen proiektuen atalera joan; ongi etorria-ren txatean adieraz ezazu laguntzeko prest zaudela.
- Itzultzaileen rola ezarriko zaizu, eta nahi duzun proiektuetan laguntzen has zaitezke.
Proiektuak bideo-jokoka banatuta daude. Noski, ez duzu guztietan parte hartu behar: gustuko duzun baten bat aukeratu eta bertan laguntzen has zaitezke. Agian ez zaizkizu interesatzen lokalizatze prozesuan dauden jokoak; kasu horretan, zuk zeuk proposa dezakezu proiektu berri bat. Komunitatearen aldetik hori itzultzen hasteko laguntza jasoko duzu.
Game Erauntsiatik Weblate izeneko plataforma erabili izan dugu itzulpenak modu errazagoan kudeatzeko. Bertan jokoetako testuak gehitu eta hauek elkarlanean euskaratzen aritzeko aukera daukagu. Ez izan lotsarik beraz, betidanik euskaraz ikusi nahi izan duzun joko hori itzultzea posible da eta.
Zerbitzariko atal hau sortu baino ez dugu egin, beraz hobetzeko eta txukuntzeko asko dago oraindik. Hala ere, guztion aldetik hau egitea errazagoa izango da. Gure asmoa komunitate ireki eta parte hartzailea sortzen joatea da; horrela izan da orain arte, eta jokoak euskaratzeko dagoen gogoa ikusita, zerbait polita eraiki dezakegula uste dugu.
Goazen euskaratutako bideo-jokoen zerrenda eder hori handitzera.
Iruzkinak