Kultur sorkuntza digitala saritzeko bekak 15.000 euroko ordainsaria eskainiko dio irabazleari. Irailaren 21era arte aurkeztu daitezke lanak.

Durangoko Azokak 56. edizioa egingo du aurten. Pandemiaren eraginagatik ekimen digitala egin zuten iaz, baina urte honetan abenduaren 3tik 8ra bitartean egitasmo hibrido bat egiteko asmoa azaldu dute antolatzaileek, aurrez-aurreko azoka prestatuta baina aldi berean sareko jarduerak indartuta. Esparru digitalaren garrantzia ikusita, laugarrenez kultur sorkuntza digitala saritzeko Sormen Beka DA egitasmoa abiarazi dute: bertan proposatutako lanen artean bideo-jokoentzako lekua egongo dela jakinarazi dute Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokak.

Euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz beraien lana ezagutzera ematea da” bekaren helburu nagusia. Hori horrela, bilatzen dituzten lanak “praktika edota espresio artistiko baten oinarritutakoak” izango dira.

Aipatu bezala sormen lan digitalak sarituko ditu egitasmoak, baina horiek “fisikotasunarekin uztartzeko” aukera edukiko dute partaideek.

Nola ez, proposatutako lanak euskara hutsezkoak izan beharko dira. 18 urtetik gorako sortzaile berriek parte hartu dezakete, banaka zein taldeka. Taldeen kasuan, horien 2/3 sortzaile berriak izan beharko dira.

Aurkeztutako lanen artean lauzpabost hautagai aukeratu ondoren, horiek proiektuaren defentsa egin beharko dute. Saridun bakarra egongo dela aurreratu dute antolatzaileek: 15.000 euroko ordainsaria eskuratuko du honek. Proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa baloratuko ditu epaimahaiak.

Lan irabazlea azokan bertan iragarriko dute. Ondoren urtebeteko epea edukiko du bere proposamena garatzeko, lortutako emaitzak 2022ko Durangoko Azokan aurkeztuko baitira.

Proposamenak bidaltzeko epea irailaren 21era artekoa izango da: horiek zein dokumentazio osagarria posta elektronikoz bidaliko dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Egitasmoaren oinarrietan zehaztu dituzte bekara aurkezteko baldintza eta gutxieneko guztiak; zalantza gehiago izanez gero emandako posta helbidera idazteko adierazi dute arduradunek.

 

Euskaraz jokatzeko aukera, gero eta zabalagoa

Euskaraz jokatu daitezkeen bideo-jokoen kasuan, azken urteetan garatzaile euskaldunek beraien lanak euskaraz jokatu ahal izateko ahalegina gero eta nabariagoa egin izan da: 2020 eta 2021 urteetan guztira hamahiru dira garatzaileek propio euskaraz argitaratutako obrak.

Horiek zein euskal bideo-jokozaleek osatutako komunitateak euskaratutako lanak daude bilduta Game Erauntsiaren euskarazko bideo-jokoen zerrendan.