Dark Souls eta bestelako port-etan lan egindako estudioa da. Urtarrilaren 14an estreinatuko da Kratos-en abentura Steam eta Epic Games Store saltokietan.
God of War PC-ra iritsiko da. Hori izan zen, zalantzarik gabe, pasa den asteko albisterik handienetakoa. PlayStation-en gero eta joko gehiago ari dira ordenagailuetara iristen, baina Kratosen abenturaren iritsierak ate asko zabaldu dituela esan daiteke. Sony Santa Monica estudioak Ars Technica agerkarian baieztatu duenez, Jetpack Interactive da PCko portaz arduratuko den garatzailea.
1998tik portak egitera zuzendutako estudio honen ibilbidea oso ezaguna izan ez arren, hainbat joko handitan lan egindakoak dira. Horien artean dago, esaterako, lehen Dark Soulsen Steam-eko bertsioa; Plants vs Zombies II, hainbat NBA Live eta gehiago porteatu dituzte Jetpackekoek Bandai Namco-rekin edota Electronic Arts-ekin elkarlanak burututa.
Hori bai, Sony Santa Monicakoek prozesu guztia gainbegiratzen dabiltzala nabarmendu dute. Ez da harritzekoa, God of Warren PCko bertsioa hainbat hobekuntza handirekin estreinatuko baita: 4K bereizmena, 60 fps, Nvidia DLSS eta Reflex ezaugarrientzako euskarria, ultrawide pantailentzako ezaugarria, hobetutako atal grafikoa eta askoz gehiago agindu dituzte PlayStationekoek.
Ez da harritzekoa Sonyk kanpoko estudio bat kontratatzea halako lana egiteko. Nabarmentzekoa da, baina, orain gutxi Nixxes Software garatzailea bereganatu zutela PlayStationekoek: portak egiten adituak dira Utrecht-ekoak, beraz God of War PCra eramateko lana kanpoko langileei eskaintzeak Nixxes beste zerbaitetan lanean ari dela pentsarazi dezake.
Dena dela, gutxi falta da Jetpack prestatzen ari den bertsioa zer nolakoa den ikusteko. God of War urtarrilarean 14an helduko da PCra: Steam eta Epic Games Store saltoki digitaletan kaleratuko da Kratosen 2016ko jokoa.
Iruzkinak