Kartoizko kaxari besoentzako eta begientzako zuloak egin, mutur beltza margotu, etxe ondoko zuhaixkaren adar pare bat eskuetan hartu, eta altuan jarri. Altxaferoaren soinua imitatu (sshhhhhh... pum!!) eta alaba bihurtu berri den zezen suzkoaren aitzinetik lasterka abiatu. Eskura dauden materialekin imajinazioa elikatzea gauza ederra da.
Imajinazioaren mundua amaiezina eta iragarrezina da. Nahi duzuna izan, eta nahi duzun lekuan egon zaitezke: igelen erresuman, hartz erraldoiari ihes egiten, munstro berde xelebreak haserrarazten... Lost in Play jokoan Gal eta Toto anai-arrebek sortutako jolasean galduko gara gu ere.
Jokoa lehenengo aldiz ikusi nuenetik harrapatu ninduen, ikusi nituen irudiak zirraragarriak baitziren: marrazki zoragarriak, animazio piloa —egoera bat errepikatuta ere, animazio desberdinak agertzen dira, adibidez—. Behin jokoan hasita, pertsonaiei, lokalizazioei eta gainontzeko arte bisualari begira ari nintzela, dena ikusi nahian. Ni kontziente izan gabe, baina, poliki-poliki nire burmuinean bertze zerbait gailentzen ari zen. Ohartu nintzenerako berandu zen, musika ere burutik kendu ezin den horietakoa baita, eta jokoa utzi eta gero ere kantatzen hasten ginen ia ohartu gabe.
Galek eta Totok imajinatutako mundu horretako helburuak bete ahal izateko puzzle batzuk gainditu beharko ditugu... imajinazioa erabiliz: METAIMAJINAZIOA. Imajinazioa behar dugula erraten dut, izan ere, jokoan ez dago menuaz haratago testurik. Hala ere, puzzlearen helburua zein den nahiko erraz uler daiteke, nahiz eta puzzlea bera osatzea gero erronkatxoa izan. Puzzle hauek hagitz intuitiboak dira, ongi diseinatuak, eta ongi pentsatuak.
Puzzlearen nondik norakoak ulertzeko erraza izanda ere, ebazpena zaila izaten ahal da batzuetan, eta, horregatik, jokoak berak pista sistema bat du, zailtasun horiek gainditu ahal izateko. Hasieran ez nuen pistarik ikusi ere egin nahi, ez bainuen puzzlearen emaitza zuzenean ematea nahi, "tranpa" egiten ari nintzelakoan. Pista sistema hori hagitz lagungarria eta (hau ere) ongi diseinatu iduritu zait, puzzlearen logika ulertzen laguntzen baitu, puzzlearen emaitza zein izanen den zuzenean eman gabe, spoiler-ik gabe alegia. Tranparik egin gabe puzzlea osatu izanaren sentsazioa gelditzen da.
Pertsonaien hizkuntza
Jokoaren arte estilo politari eta inoxenteari jarriki, hizkuntza asmatu barregarri batean solasten dira pertsonaia guztiak. Joko honetan familian ari ginen bitartean, ezpainetan irribarre iraunkorra nuela ohartzen nintzen. Hizkuntza horretan errandakoak seme-alabekin erreproduzitzen genituen, eta irriz lehertzen ginen. Joko lasaia, barregarria, gogobetegarria eta bihotza goxatzen duten horietakoa da. Pantailan testurik agertu gabe eta hizkuntza asmatu batean arituta ere, egoera guztiak ulerterrazak egitea lortzen dute.
Azpititulurik ez izatea eta jokoan dagoen testu bakarra menukoa izanik, baliteke itzulpenak jokagarritasunari gehiegi ez laguntzea, baina pantailan euskarazko testuak agertzea beti da positiboa. Gainera, haurrentzako joko egokia izanda, ulertzen duten hizkuntza irakurriz "bakarrik" aritzeko aukera ematen die.
Itzulpena instalatzeko, jarraitu pauso hauek.
Haurrak aritzeko, laguntzarekin
Sei eta zortzi urteko seme-alabak aritu dira jokoan, eta puzzle dexente beren kabuz gainditu dituzte. Ni ondoan egon naiz, erran bezala, irribarre txotxolo batekin, jokoaz eta egoeraz gozatzen. Tarteka nere laguntza behar izaten zuten, baina, orokorrean, jokoa beraiek pasatu dutela erranen nuke. Jokoa lau bat ordutan buka daiteke, txikiek gozatu ahal izateko neurri polita.
Iruzkinak