Udaberrian kaleratuko du Ember Lab taldeak: eguneraketa eta eduki guztiak bilduko ditu.

Kena: Bridge of Spirits Switch 2 kontsolara eramango du Ember Labek.

2021ean estreinatu zen PlayStation 5 eta PC plataformetan; 2024an, berriz, Xbox bertsioa jaso zuen. Pixar estudioaren filmen estetika hartzen duen 3D abentura ederrak balorazio eta kritika onak jaso zituen bere garaian; are gehiago, PlayStationek babestutako bigarren Kena: Scars of Kosmora iragarri zuten egileek duela hilabete.

Kena kontrolatuta, esploratzen, saltoka eta borroketan parte hartzen ariko gara, makila magikoa eskuan hartuta. Rot deitutako espiritu txikien babesa jasoko du, gainera, puzzleak gainditzeko eta dueluetan laguntza edukitzeko.

Egitura linealagoa badu ere, Kena Nintendo-ren The Legend of Zelda sagan oinarritutako jokoa dela esan daiteke. Ez da gutxiagorako, garatzaileak Link-en abenturen zale amorratuak baitira: 2016an Majora’s Mask ezaguna omentzen zuen Terrible Fate bideo zinematiko ikaragarria argitaratu zuten, zeldazale guztien begiradak erakarrita.

Nintendora iristea azkenik, beraz, zikloaren itxiera da. Orain arteko eduki eta gaurkotze guztiekin batera helduko da Kena: Bridge of Spirits Switch 2ra: joko berria + modalitatea, espiritu giden erronkak, Kenarentzako itxurak eta gehiago eskainita.

Data zehatza aipatu gabe geratu dira arduradunak, baina laster ikusiko dugula dirudi: udaberrian merkaturatzeko asmoa daukate. Jarraipena, Scars of Kosmora, 2026an kaleratuko da PC eta PS5 plataformetan.