Squad estudioko kideek jarraipenak ekarriko dituen aldaketez eta komunitatearekin batera egin nahi dute elkarlanaz hitz egin dute.
Kerbal Space Programen jarraipen desiratuak hainbat geroratze jasan ditu iragarri zenetik. 2020an argitaratu behar zen lehenik eta behin, baina 2021era berandutu zuten; 2022an argitaratzeko asmoak bertan behera geratu dira, baita. Azkenean, 2023an estreinatuko da KSP 2: zehazki, otsailaren 24an merkaturatuko dute Squad taldekoek. Hori bai, sarbide goiztiarrean iritsiko da.
Argitalpen data iragartzearekin batera, prestatu dituzten berritasunen inguruan mintzatu dira garatzaileak. Oinarriei dagokienez, 350 pieza berri inguru ikusiko ditugu bideojokoan; hauekin gure espazio ontziak eraikitzeari ekingo diogu. Gainera, piezak nahi bezala pertsonalizatzeko aukera eskainiko digute.
Behin espaziora iristea lortuta, beste planeta batzuk ezagutzen ibiliko gara. Hauek baldintza atmosferiko desberdinak izango dituztenez, hainbat elementu izango dira kontuan hartu beharrekoak.
Aipatutakoez gain, nola ez, multijokalaria ere ikusiko dugu Kerbalen bigarren atalean. Sarbide goiztiarretik probatzeko aukera edukiko dugu, eta lagunekin elkarlanean aritzeko zein hauen erronkak gainditzeko aproposa izango da.
Komunitatearekin batera lanean aritzeko gogoak dituztela adierazi dute Squadeko sortzaileek. Horixe bera izango da sarbide goiztiarraren helburu nagusia: hartu emanarekin batera ahalik eta jokorik interesgarriena eratu nahi dute. Feedback-a oso garrantzitsua dela azpimarratu nahi izan dute arduradunek; hori horrela, zaleei beren iritziak ezagutzera emateko eskatu diete.
Bukatzeko, komunitateak mod-ak prestatu ahalko ditu, jokoari gatza eta piperra emateko asmoarekin.
Sarbide goiztiarraren iraupenari dagokionez, “jokoa prest egon arte” iraungo duela diote Squadekoek. 1.0 bertsioa kaleratzerakoan askoz eduki gehiago eskainiko dituztela adierazi dute, gainera. Horri guztiari buruz aritu dira Steam-eko jokoaren orrialdean, bide orria eskaintzeaz gain.
Kerbal Space Program 2ren sarbide goiztiarra PC-an baino ez da eskainiko: otsailaren 24tik aurrera Steam nahiz Epic Games Store plataforma digitaletan eskuratu ahalko da simulazio eta sormen bideojokoa.
Iruzkinak