Txandakako borrokak, RPG elementuak, K-Pop musika, kirolak eta euskara uztartuko ditu PCan.

Kirol: Abernuko erregearen eragina iragarri du Bilboko Basajaun Games estudioak. Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren baitan antolatutako azokan aurkeztutako titulua taldearen lehen bideojoko handia izango da.

Izenburu bitxiaren atzean handik eta hemendik hartutako elementuak, girotzeak eta ideiak batuko ditu Gabriel Fiallegas garatzaileak gidatutako taldeak. Horrela, JRPG jokoetako borrokak nahiz estetika, K-Pop musika eta denetariko kirolak uztartuko dira Kirolen.

Inspirazio iturriak begi bistakoak dira: Final Fantasy, Persona, Mother edo Sea of Stars bezalako titulu modernoagoetatik hartu dute bilbotarrek. “Pertsona guztiz arruntez osatutako taldea” gidatzeari ekin beharko diogu, “inork egin nahi ez duen lan batez arduratuz”: Abernuko erregearen aurka egiteaz.

Mundu koloretsua esploratzerakoan umorea eta sekretuak aurkituko ditugu, denetariko pertsonaiak ezagututa. Benetako saltsa, baina, borroketan datza: kirol desberdinetan —herri kirolak barne— oinarritutako txandakako borroketan parte hartzen ariko gara. Sistema taktikoa eta dinamikoa izango dela aurreratzen dute egileek, “ekintza bakoitzaren eraginkortasuna zure trebetasunaren esku” dagoela aldarrikatuz. Hori irakurrita, Paper Mario edo Clair Obscur bezalakoen denbora azkarreko ekintzak (QTE) etortzen zaizkigu burura.

Dena ez da gure iaiotasunaren menpe egongo, burua ere erabili beharko baita. Dirudienez, abenturan aurkituko ditugun etsai guztiek hainbat forma ezberdin dauzkate; gure esku egongo da transformatzera behartzea, horretarako, ahulguneez baliatuta, abantailak eskuratu ahal izateko.

Musikarako K-Popa aipatu dugu, eta zentzu horretan ere ezustekoak dakartza Kirolek. MiRe artistarekin elkartu dira bilbotarrak jokoaren abesti nagusia sortzerakoan: Tximista argiak. TRI.BE K-Pop taldeko abeslaria bideojokoan bertan ere agertuko dela aurreratu dute arduradunek. Soinu bandarako, gainera, Crescendo garatzailea laguntza eduki dute; hau da, Ciao Nonna bezalako euskaratutako jokoen egilearena.

Basajaun Gamesen lehenengo bideojoko ofiziala bada ere, sarritan aipatu ditugu Game Erauntsian; izan ere, euskaratzeak eta itzulpenak bideratzeko zaletasuna dute. Amaiera tragikoen antzokia, a pet shop after dark, Ciao Nonna, Her tears were my light… asko dira lokalizatutakoak, eta are ezusteko gehiago datozela aurreratu digute. Hori jakinda —eta izenburuarekin batera—, argi dago Kirol euskaraz estreinatuko dela. Ofizialki iritsiko da gure hizkuntzan dena prest daukatenean.

Taldea bilbotarra bada ere, aldi berean, nazioartekoa dela aldarrikatzen du Fiallegasek. Hainbat euskal sortzaile daude estudioan, baina munduko txoko guztietako garatzaileak erakartzea ere lortu du. Basajauni babesa adierazteko Ko-Fi webgunea prestatu dute: modu horretara, ekarpen ekonomikoak egiteko aukera daukate beren proiektuetan interesa dutenek.

Kirol: Abernuko erregearen eraginak ez dauka kaleratze datarik, oraingoz. PCan jokatuko dugula aurreratu digute Basajaunekoek: horri buruzko nahiz beste bitxikeria batzuen inguruko xehetasun guztiak aipatu dituzte beren webgunean.