The Legend of Zelda klasikoak Dynasty Warriors bezalako lanekin elkartuko ditu Game Boy kontsolako atal grafikoa gogora ekarrita.
Bilboko Light Games estudioak bere lan berriaren Kickstarter kanpaina iragarri du. Last Crown Warriors 2017. urtean aurkeztu zuten; azkenik, baina, prest daude bihar bertan bideojokozaleen aldetik finantzazio bila hasteko.
Abentura bitxia eta berezia izango da LCW. Irudiak ikusi bezain laster argi izango dugu retro estetikadun nahiz mekanikadun titulua dela: Game Boy kontsola eramangarriko atal grafikoarekin, The Legend of Zelda: Link’s Awakening zein Oracle of Ages/Seasons eta Final Fantasy Adventure —edo Mistic Quest, Europan izan zuen izenburua— gogora ekarriko dizkigu.
Horiek dira, hain zuzen ere, inspirazio iturritzat hartu dituzten lanetako batzuk, Imanol Barriuso garatzaileak aitortu duenez. Ikuspegi zenitalarekin, borroketan parte hartzen ariko gara behin eta berriro; izan ere, ez gaude JRPG baten aurrean, akzio taktikozko abentura baita.
Hori horrela, beste arduradunek aipatzen duten beste erreferentzietako Dynasty Warriors da: helburu nagusia mapa bakoitzeko baseak konkistatzea eta hauek mantentzea izango da LCWen. Aurrera eta atzera ibiliko gara gure pertsonaiarekin etsaien armadak akatzen, Koei Tecmo-ren eta Omega Force-n jokoetan egin modura.
Horretarako, baina, zenbait protagonisten artean hautatu beharko dugu. Lilian eta Tim izango dira protagonista nagusiak, baina beste hainbat pertsonai ere ikusiko ditugu: bakoitzak arma eta abilezia propioak erabili ahalko ditu, jokagarritasun mekanikak aldatuz.
Mapa sorta anitza bisitatuko dugu, gainera: girotze desberdinez gain, erronka eta oztopo bereziak aurkeztuko dituzte.
Game Boy kontsola bizirik mantentzen
Light Games 2017an eratu zen Game Boyko jokoak garatzeko helburuarekin. Ordutik hona Rocket Man bezalako proiektu txikiak argitaratu dituzte; Last Crown Warriors izango da orain arteko bideojokorik handiena. Hori prestatzeko, esan bezala, finantzaketa beharrezkoa dute: eskuratzeko kanpaina Kickstarterren abiatuko dute bihartik aurrera.
Horrez gain, demo eraberritua probatzeko aukera ere eskainiko dute, berritasunak aipatzeaz eta xehetasunaz emateaz gain. Bihar ezagutuko dugu sakontasunean eskaintzeko daukatena. Plataformak oraindik zehaztu gabe daude; hala eta guztiz ere, doako proba PC-rako eskainiko dutenez, ordenagailuetan jokatu ahalko dela suposatzekoa da.
Hori bai: aipatu modura, Game Boyko jokoak sortzea da Light Gamesekoen xedea. Hori dela eta, Game Boy originaletan jokatzeko lana izango da LCW.
Iruzkinak