Project L-ren garapena aurrera doa; halere, ez dute argitaratze datarik eman. Ekko, Jinx, Darius eta Ahri heroien mugimenduak erakutsi dituzte.
MOBA jokorik ezagunena da League of Legends, baina Riotekoek beste genero batzuetara eramateko lanean jarraitzen dute. Ruined King RPG proiektua, Legends of Runeterra karta jokoa eta Hextech Mayhem plataforma abentura dira honen adibide batzuk; 2019an, baina, Project L izeneko borroka jokoa iragarri zuten LoLekoek: horren lehen jostagarritasun bideoa erakutsi dute Tom eta Tony Cannon arduradunek.
Bi hauek EVO borroka jokoen txapelketen sortzaileak dira, hain zuzen ere. Tomek bideoan adierazi duenez, “jokoa oraindik garapen fasean dago”. Hala ere, pozik agertu da orain arte egindako lanarekin: “aukera desberdinak proposatu eta dibertigarrienak aukeratzeko fasean gaude. Oraindik lan asko daukagu aurretik”.
Izan ere, aurrerapen handiak egin dituzten arren ez dute jokoa 2021ean edo 2022an kaleratzeko asmorik; oinarrizko mekanikak prestatzen dabiltza, baina heroiak eratu, kokalekuak sortu, menuak eta interfazea prestatu, ranking sistema burutu eta gehiago egin behar dute oraindik. Gutxienez 2023ra arte itxaron beharko da hortaz.
Bideoan Ekko, Jinx, Darius eta Ahri heroiek borroka jokoan izango dituzten itxurak eta mugimenduak erakusteko aprobetxatu dute. League of Legendsen Arcane animazio telesaila gogora ekartzen duen atal artistikoarekin, tag team mekanikak izango dituela dio Cannonek: jokalariek heroien bikoteak osatuko dituzte borrokatzeko.
Sare bidezko partidak kalitate handikoak izatea bermatu nahi dute gainera: “rollback ezaugarriarekin hasiko gara, eta RiotDirect teknologia erabiliko dugu ping-a murrizteko”.
Project Lrekin egindako aurrerapenak zaleen artean zabaltzeko asmoa agertu dute arduradunek. Horretarako, datorren urtean gutxienez birritan hitz egingo dute jokoaren inguruan: “2022ko bigarren erditik aurrera izango duzue gure berri”.
Iruzkinak