Ichiban eta bere taldekideen abentura berrien jokagarritasuna aurkeztu dute Like a Dragon Direct ekimenean. Urtarrilaren 26an hasiko da euren bidaia.
Ryu Ga Gotoku estudio japoniarrak Yakuza berriak prestatzen dirau jo eta su. Orain aste batzuk Like a Dragon Gaiden-en jokagarritasuna erakutsi ostean, honen ondoren merkaturatuko duten Infinite Wealth bereziaren gameplay bideoa aurkeztu dute. Japonia atzean utziko dugu, une baterako bada ere, Hawaiin txandakako borroka zoroak bizitzeko.
Like a Dragon Direct zuzenekoan egin dute aurkezpena: bertan hurrengo Like a Dragon bideojokoei buruzko berritasunak eskaini dituzte, baina batez ere Infinite Wealthen ardaztu gura izan dute oraingoan.
Yakuza: Like a Dragon-en jarraipen zuzena izango da Infinite Wealth; Yakuza sagako zortzigarren atala, alegia —zazpigarren jokotik hasita mafiosoen izena alboratu zuten mendebaldean—. Kasuga Ichiban sagako protagonista berria Adachi, Nanba, Saeko eta gainerako lagunekin itzuliko da abentura berriak bizitzeko.
Ichibanekin jokatuko dugunez JRPG mekanikak ikusiko ditugu berriz —gogoratu protagonistari Dragon Quest erako munduan bizi dela irudikatzea gustatzen zaiola—. Hawaiiko zein Japoniako kaleetan borrokak abiatzerakoan txandakakoak izango dira, eta gure taldekideek maila bereziak izango dituzte, berezko abileziekin.
Alde horretatik inplementatu dituzten berritasunak ezagutzera eman dituzte. Hawaiin turisten tour desberdinez gozatuz mailak eta estiloak desblokeatuko ditugu: surflariak, cowboy-ak, samuraiak, kung fu maisuak eta gehiago izan gaitezke.
Inbokazioak —telefono dei bidezkoak, noski— eta bestelako eraso hilgarri zein dibertigarriak ere lortuko ditugu. Sofaz osatutako dorrea jaurti dezakegu etsaien gainera, edo hondartzako mozkorrei laguntzeko deitu. Aurreko Yakuza jokoetako aurpegi ezagunak ere ikusiko ditugu horietan.
Kazuma Kiryu protagonista originala ikusiko dugu berriz, gainera. Istorio orokorrean gehiegi sakondu beharrean, horren berri izan gura dutenek hamar minutuko aurkezpen bideo berria ikus dezakete. Adi, spoiler handiak datoz-eta:
Yakuzaren eta Like a Dragonen ikurrak diren bigarren mailako misioak eta minijokoak barra-barra aurkituko ditugu zortzigarren atalean. Janaria banatzen ibiliko gara txirrinduan, Sujimon pertsonaiak itzuliko dira Pokémon batailei keinu egiteko, Tinder erako aplikazioetan ligatuko dugu, eta, zelan ez, karaokean abesten ariko gara. Ohiko erokeriak.
Like a Dragon: Infinite Wealth urtarrilaren 26an merkaturatuko dute Sega eta RGG Studio taldeek. PlayStation eta Xbox kontsoletan zein ordenagailuetan jokatu ahalko da.
LaD: Gaiden-erako prestatzen
Infinite Wealth baino lehen Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name jasoko dute zaleek. Kiryuren itzulera suposatuko du, baita jokagarritasun klasikoarena ere: txandakako borroken ordez beat ‘em up estiloko triskantzak ikusiko ditugu.
Gaidenen bideoa ere erakutsi dute Like a Dragon Directean; zehazki, bideojokoaren hasierako zinematika.
Azaroaren 8an argitaratuko da Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name PC, PlayStation eta Xbox gailuetan.
Iruzkinak