Infinite Wealth atalaren ostean kokatuko da istorioa. Otsailaren 28an estreinatuko da PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan.

Ryu Ga Gotoku Studio taldeak eta SEGAk Yakuza edo Like a Dragon sagaren atal berria aurkeztu dute. Like A Dragon: Pirate Yakuza in Hawaii izenarekin, Goro Majima maitatuaren itzulera suposatuko du.

Izenburu zoro horrek behar digun guztia ezagutzera emateko balio du. Yakuzak ikusiko ditugu Hawaiin berriz… baita piratak ere. Proposamen bitxia saga ezagutzen ez dutenentzat, baina guztiz ulergarria jarraitzaileentzat: Majima edozertarako prest dago.

Sagaren zortzigarren atal Infinite Wealthen jarraipena izango da; halere, Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name-rekin egin bezala, spin-off moduan funtzionatuko duela esan daiteke. Hori horrela, Majima izango da erabateko protagonista, nahiz eta IWen hainbat elementu hartuko dituen.

Jokagarritasunaren oinarriak, baina, erroetara itzuliko dira. Ahaztu Ichiban-en txandakako JRPG borrokez, Gorok ez baitu horrela jokatzen: ohiko beat’ em up borrokak biziko ditugu, konbo bizkorrei eta ikusgarriei garrantzia emanez. Bi borroka estilo nagusi erabiliko ditu gure protagonistak: betiko Shimano-ren txakur zoroa estiloarekin batera —itzalezko klon eta guzti—, itsasoko txakurra izeneko modalitate berriarekin piraten mugimenduak jasoko ditugu.

Piratak aipatuta, hortik etorriko dira berritasun nagusiak. Gure ontzia zein tripulazioa kudeatuko ditugu, piraten arteko borroka zirraragarriak biziz, kanoikadekin, noski.

Like a Dragon: Pirate Yakuza in Hawaii ez da joko nagusien artean kokatuko; hortaz, iraupen urriagoa edukiko duela diote egileek. Hamabost bat ordutan abentura nagusia gaindituta edukiko dugula azaldu dute. Hori bai, orduak bigarren mailako misio eroekin biderka ditzakegu: karaokean, bizikleta gainean eta beste hainbat jarduera egiten ibiliko gara.

Ez dugu askorik itxaron beharko Majimaren abenturetan barneratzeko: datorren urteko otsailaren 28an merkaturatuko dute Like A Dragon: Pirate Yakuza in Hawaii. PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan nahiz ordenagailuetan jokatu ahalko dugu.