JRPG mekanikekin jarraitu nahi dute Sega-koek. Hala ere, beat ‘em up estiloa ere berreskuratuko dute.
Albiste mordoa Yakuza frankiziaren jarraitzaileentzat egunotan. Lehenik eta behin, gauza bat argitu beharra dago: izenburua aldatu diote mendebaldean, eta oraindik aurrera Like a Dragon deituko dira —Ryu ga Gotoku japoniar izenaren itzulpen zuzena—. Hori zehaztuta, RGG Summit 2022 ekimenean bi titulu aurkeztu ditu Segak: Like a Dragon 8 eta Like a Dragon Gaiden.
Dagoeneko iragarrita zegoen sagaren zortzigarren atalak Yakuza: Like a Dragon-en ikusitako istorioarekin eta mekanikekin jarraituko du. Hau da, beat ‘em up estiloko borrokak alboratu, eta JRPG abentura izango da. Zer esan nahi du horrek? Ichiban Kasuga alaia eta ameslaria izango dela berriz protagonista.
Ezustekoarekin egin dute iragarpena, baina: Ichibanekin batera Kazuma Kiryu itzuliko da. Yakuzaren jatorrizko protagonista itxura eraberrituarekin dator; garatzaileen arabera, orrazkera aldaketa hori garrantzitsua izango da.
Bideoan ikusten denez, Tokioko Kamurocho asmatutako auzoan ariko gara beste behin, aurrekoan Yokohamako Isezaki Ijincho auzotik ibili ondoren.
Like a Dragon 8 PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan estreinatuko da. Oraindik itxaron egin beharko dugu jokatzeko, 2024an kaleratzea aurreikusten baitute Ryu ga Gotoko Studio-ko kideek.
Ez dezagun Kiryuren hutsunea sumatu
Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name izan da ekimeneko ustekabeko handia. Yakuza 6: The Song of Life-n jarraipen zuzena izango da. Protagonista ere ezagutu dugu: beste batez, Kazuma Kiryuren rola hartuko dugu berak horren ondo ezagutzen dituen beat ‘em up estiloko borroketara itzultzeko. Zazpigarren eta zortzigarren atalen artean Kiryuk bizitakoak ezagutuko ditugu bertan.
Arduradunen arabera, ez da sagako joko handien parekoa izango, baina garrantzitsua izango da; are gehiago, “Yakuza hasieratik maite dutenei zuzendutakoa” izango dela adierazi dute.
Plataformak errepikatzen dira hemen: PCan zein PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletara iritsiko da Like a Dragon Gaiden. Zortzigarren atalaren aurretik ikusiko dugu: 2023an merkaturatuko da.
Judgment saga, PCra
RGG Summit 2022tik kanpo, gainera, mafiosoen frankiziari lotutako berri gehiago jaso ditugu. Izan ere, Judgment eta Lost Judgment spin-off abenturak PCan kaleratu dituzte Segakoek, aurretik inolako abisurik eman gabe.
Takayuki Yagami detektibearen bi abenturak ordenagailuetan estreinatu gabe egon dira; zergatia, protagonista izan da. Takuya Kimura aktore japoniarrak jartzen dizkio bai aurpegia, bai ahotsa; honen agentziak debekatu egin zion Segari bi jokoak PCan estreinatzea, mod-en bidez honen itxura aldatuko ote zuten beldurrez.
Zorionez, iritzia aldatu dutela dirudi. Steam bidez eros daitezke bi jokoak dagoeneko; horrez gain, Kaito Files izeneko espantsioa ere kaleratu dute japoniarrek. Judgment sagak beat ‘em up borrokak ikerketekin bateratzen ditu; istorio guztiz berria aurkeztu arren, Yakuza jokoen ohiko guneetatik ibiliko gara Yagamirekin.
Bukatzeko, atzo jasotako iragarpena gogoratu beharra dago: Like a Dragon: Ishin! japoniar Erdi Aroan girotutako abentura mendebaldera iritsiko dela baieztatu du Segak. 2014. urtean estreinatutako jokoa desiratuaren birmasterizazioa izango da.
Iruzkinak