GNU/Linux zein Switch bertsio natiboak ikusiko ditugu orain 1997. urteko klasikoarentzat.
Harbour Masters zale taldeak Lylat Wars/Star Fox 64 mitikoarentzako Starship proiektua txukuntzen dihardu. 2.0 bertsioarekin port natibo ez-ofizialei ezaugarri berriak gehitu eta arazoak konpondu dizkiete.
Starship Barnard Alfa izenpean, orain arte Windows sistema eragileentzako zen bertsio natiboa GNU/Linuxera eraman dute… baita Nintendo Switch kontsolara ere. Horrela, Steam Deck nahiz Switch gailuetan Lylat Wars natiboki joka dezakegu orain, askotariko hobekuntza teknikoekin zein berritasunekin.
Areagotutako bereizmena, pantaila zabalentzako euskarria edo eguneratutako kontrolak ziren, besteak beste, joan den urte bukaeran ikusitako lehen bertsioak ahalbidetzen zizkigunak.
2.0 gaurkotzeak askoz ezaugarri gehiago dakartza, baina. Garrantzitsuenak sinpleenak direla esan daiteke: egonkortasun eta grafikoen akats zuzenketak inplementatu dituzte garatzaileek, baita optimizazio lanak egin ere. Horretaz gain, askotariko trikimailuak gehitu dituzte, adibidez, turbo edo balazta infinituak edukitzeko.
Mod sortzaileei erraztasunak eskaini dizkiete eraldatzeak prestatzerako orduan, gainera; beraz, helburua hurrengo bertsioetan are aldaketa handiagoak gaineratzea da.
Ezagutzen ez badituzue, Harbours Mastersekoak The Legend of Zelda: Ocarina of Time famatuaren Ship of Harkinian proiektua bideratu zuen talde berekoak dira. Hau ere Windows, GNU/Linux zein MacOS sistema eragileetan proba dezakegu, denetariko hobekuntzak eta aldaketak gehituta Nintendoren maisulanari.
Bi kasuetan birkonpilatutako datuak hartu dituzte port natiboak eratzeko; hortaz, hainbat urteko lanaren emaitzak direla esan daiteke. Antzeko lana egiten du, baina prozesua erraztuz, N64 Recomp proiektuaren birkonpilazio estatikoak.
Lylat Warsera itzulita, Starship bertsioa probatzeko beharrezko baliabideak taldearen Github orrialdean aurkituko dituzue… porta osatzeko ROM fitxategia kenduta, noski. Modu horretara, arazo legalak saihesten dituzte; hau da, Nintendoren jokoa eta honen baliabideak erabiltzaileak lortu beharko ditu.
Star Fox taldearen Nintendo 64ko abentura 1997. urtean estreinatu zen. Arkade obra borobila, Lylat sistema salbatzera eraman gintuen Andross zitalaren atzaparretatik. Game Erauntsian retroanalisia eskaini genion iaz, “klasiko atenporal berezia” dela aldarrikatuz.
Iruzkinak