Lehena Marina Ostolaza aktorea protagonista duen telesaila da. Nebukai eduki sortzaileak asteko bideojokoak lantzen ditu bigarrenean.

EITB taldeak etxeko txikienei zuzendutako Makusi plataforma digitala abiatu du. 220 bat telesailen eta filmeen artean, euskarazko bi ekoizpen berrik bideojokoen mundura hurbilduko dituzte euskal haurrak eta gazteak: Power Upek eta Kalaxkak bideojokozaleak erakartzeko proposamenak aurkeztu dituzte.

Power Up telesailak bideojokoen mundua oinarri hartzen du nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratzeko. Araia gazteak —Marina Ostolaza aktoreak ematen dio bizia— arkade areto misteriotsua aurkituko du; bertan, botere harrigarriak eskuratuko ditu.

Kalaxka magazinak, bestalde, gaurkotasuna duten era guztietako gaiak lantzen ditu. Horien artean, Nebukai eduki sortzailea bideojokoen inguruan hitz egiten ariko da ‘Minutu 1- Joku 1’ atalean, minutu bakarrean titulu desberdinak nabarmenduz eta hauen ezaugarriak zerrendatuz. Lehen saioan, esaterako, Fortnite ezagunean sortzaile desberdinek eratutako mapa eta modalitate bereziak ezagutzera eman ditu.

Makusi nabigatzailetik zein gailu mugikorretarako eta telebista adimendunetarako aplikazioen bidez erabil dezakegu.

 

Bideojokoak gora euskaldunen artean

Modu horretara, bideojokoen presentziak indartzen jarraitzen du Euskal Herriko gaztetxoen artean. 2022 bukaeran UEMAk gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz egindako ikerketan ageri denez, hiru gaztetik bi bideojokoen ohiko erabiltzaileak dira.

Bideojokoek azken urteotan jasandako hazkundea nabarmena den arren, ez da erraza mundu hau jorratzen dituzten euskarazko edukiak aurkitzea.

Gaur egun, zorionez, euskal twitzlarien komunitateko kideek sortutako zuzenekoak ditugu; Gaztezulo aldizkariak bideojokoen analisiak eskaini ohi ditu, baita; bukatzeko, ezin gaitezke ahaztu euskal bideojokozaleen komunitateak egiten dituen bideojokoen itzulpenez, ekimen desberdinez zein hauei buruzko artikuluez eta bideoez.