Harbour Masters taldeak ‘Spaghetti Kart’ tresna argitaratu du Windows eta GNU/Linux sistema eragileentzat. Switch kontsolan ere mugi dezakegu lasterketa joko klasikoa.
Mario Kart 64k port ez ofiziala jaso du zaleen komunitatearen eskutik. Gaurtik aurrera ordenagailuetan natiboki jokatzeko aukera dago.
Harbour Masters taldeari eskertu behar zaio, beste behin, N64ko klasikoa PCra eramatea: Spaghetti Kart izenpean argitaratu dute proiektua. Aldez aurretik, The Legend of Zelda: Ocarina of Time edo Lylat Wars (Star Fox 64) porteatu dituzte; horretarako, jokoen kodeak birkonpilatu dira, ondoren bertsio berriak sortzeko tresnak prestatuta.
MK64ren kasuan, hainbat hobekuntza ikusiko ditugu bertsio ez ofizialean: zirkuituen editorea prestatu dute egileek, baita hauek inportatzeko tresna gehitu ere; gainera, soinuaren kalitatea hobetu, eta kamera askea inplementatu dute, urrutiko elementuen kalitate maila areagotzearekin batera; bukatzeko, CPUak kontrolatutako arerioen zailtasun maila igo da.
Aipatutakoei bereizmen zein segundoko fotogramen tasa maila hobea gaineratu behar zaie, pantaila zabalentzako euskarriarekin. Multijokalariaren kasuan, joko originalean karga arintzeko kendutako elementuak —Kalimari Desert-eko treneko bagoiak, adibidez— berrezar daitezke.
Proiektuak ez dauka legez kanpoko baliabiderik; horren ordez, jokatzeko ezinbestekoa da MK64ren USA ROM fitxategia edukitzea. Jokoa erabilita, HMren tresnak grafikoak, musika eta bestelako baliabideak hartu, eta port natiboa eratuko du.
Windows zein GNU/Linux sistema eragileetarako tresna eskura dezakegu. PCtik at, Nintendo Switch kontsolarako porta ere prestatu dute. Etorkizunera begira, erreminta hobetzen jarraitzea da asmoa, tresna grafikoak, mod-ak eta bestelako edukiak inplementatuta.
Mario Kart 64ren Spaghetti Kart porta Harbour Mastersen Github orrialdean aurkituko dugu.
Iruzkinak