Helize eta Arbi kopek zortzi zirkuitu berri gehituko dizkiote Nintendo-ren lasterketa joko arrakastatsuari.

Otsailean iragarri zuten Nintendokoek Mario Kart 8 Deluxe bikainaren Booster Course Pack eduki gehigarriak. DLC-ak atal desberdinetan banatu dituzte, eta bigarrenaren argitaratze data jaso dugu azkenik: abuztuaren 4an helduko dira zirkuitu berriak.

Kokalekuok zeintzuk izango diren jakitera emateko trailerra prestatu dute japoniarrek. Arbi eta Helize kopetan lehiatuko gara oraingoan. Hemen doaz biek dakarten zirkuituen zerrenda:

  • Helize Kopa:
    • Sydney Sprint (Tour)
    • Snow Land (GBA)
    • Mushroom Gorge (Wii)
    • Sky-High Sundae (Berria)
  • Arbi Kopa:
    • New York Minute ( Tour)
    • Mario Circuit 3 (SNES)
    • Kalimari Desert ( N64)
    • Waluigi Pinball (NDS)

Aurreko DLCarekin gertatu bezala, Mario Kart zaharretako zirkuituen berregiteak ikusiko ditugu gehienbat. Klasikoak zein kokaleku nahiko berriak daude: aurten 30 urte beteko dituen Super Mario Karteko zirkuituetatik hasita mugikorretako Tour berriaren gune pare bat ere ikusiko ditugu.

Hori bai, oraingoan berritasun bat jasoko dugula aldarrikatu du Nintendok: Sky-High Sundae izozkien munduan girotutako kokaleku guztiz berria izango da. Hauek, nola ez, abesti berriekin datoz. Goitik behera berregin dituzte, beraz, Nintendo Switch-eko bideojoko saldurako: 45 milioi aleen langa gainditu zuen tituluak maiatzean.

Grafikoki, aurreko DLCan ikusitako maila mantenduko dutela dirudi; egia esan, gure analisian hauek gogor kritikatu genituen. Izan ere, joko originalean erakutsitako kalitatetik urrun geratzen direla adierazi genuen. Antzekoa gertatzen da hauen diseinuarekin: antigrabitate atalak erabat ezabatu dituzte edukiotan, jokoaren mekanika nagusia alboratuta.

Booster Course Packeko bigarren DLCa izanik, oraindik beste lau falta direla nabarmentzekoa da. Datozen hilabeteetan kaleratuko dituzte gainerakoak: asmoa 2023 bukaerarako guztiak argitaratuta edukitzea da.

Mario Kart 8 Deluxe euskaraz joka daiteke: maiatzean argitaratu genuen itzulpena Game Erauntsia Elkartean. Asmoa eduki gehigarri berriekin eguneratzen joatea da; hortaz, aparteko titulu honetara gure hizkuntzan jokatu nahi baduzu, adi gure euskarazko bideojokoen zerrendari!

Booster Course Pack 2-a abuztuaren 4an kaleratuko da Nintendo Switcheko Mario Kart 8 Deluxerako.