Zortzi kokalekuko sei bilduma argitaratzen joango dira Nintendokoak 2023ra arte; lehena martxoan iritsiko da.
Atzo gaueko Nintendo Direct aurkezpena ez zen askok espero zutena izango, baina hala ere ezusteko ederrak utzi zituen nintendozaleen artean. Horietako bat Mario Kart 8 Deluxen eduki gehigarri sorta berria izan zen: aurreko ataletako 48 zirkuitu eraberritu iritsiko dira iturginaren lasterketen zortzigarren jokora.
Modu horretara, Nintendo sagaren 30. urteurrena ospatzeko Mario Kart 9 prestatzen ari dela alboratuta geratzen da; hiru hamarkadako ibilbidea omentzeko MK8 aprobetxatuko dute. Ez da harritzekoa, sekulako salmentak edukitzen jarraitzen baitu: 2022ko zerga urteko hirugarren hiruhilabetean 7,96 milioi ale saldu dituzte, guztira 43,25 milioi banatuta mundu osoan.
Zirkuitu berriak zortzi kokaleku —hau da, bi kopa— batuko dituzten bildumatan argitaratuko dira. Booster Course Pass izendatutako DLC honetako edukiak 2023 bukaerara arte kaleratzen joateko asmoa dute Nintendokoek; hau da, hilabete gutxi batzuetako aldearekin eduki gehigarri berriak jasoko dituzte jokalariek. Lehena laster argitaratuko dute: martxoaren 18an eskuratu ahalko da.
Prestatutatzen dabiltzan ibilbide gehienak ezezagunak badira ere, lehen sorta horretakoak baieztatuta daude dagoeneko: Paris Promenade, Toad Circuit, Choco Mountain, Coconut Mall, Tokyo Blur, Shroom Ridge, Sky Garden eta Ninja Hideaway ekarriko ditu martxoko DLCak. Hori horrela, Mario Kart sagako joko nagusietako zirkuituak espero dira, gailu mugikorretan estreinatutako azken Tour barne.
Eduki gehigarrien prezioa nabarmentzekoa da baita: Booster Course Pass-ak 24,99 euroko prezioa izango du; ez hori bakarrik, Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuko harpidedunek ezer gehiago ordaindu gabe gozatu ahalko dute horietaz.
Mario Kart 8 Deluxeko Booster Course Pass martxoaren 18an abiaraziko dute. Orain egun batzuk Mario Kart sagaren 30. urteurrena ospatzeko erreportaje berezia argitaratu genuen Game Erauntsian: Oskolak, derrapatzeak eta lagunen arteko haserreak: 30 urte Mario Kartekin.
Iruzkinak