Booster Course Pass eduki gehigarriaren laugarren eguneraketak Fruta eta Bumeran kopak abiatuko ditu. Birdo-rekin jokatzea ahalbidetuko du.

Nintendo-k jakitera eman duenez, Mario Kart 8 Deluxen hurrengo eguneraketa martxoaren 9an estreinatuko da: zortzi zirkuitu ekarriko ditu lasterketa joko beteranora. Gehienak kokaleku ezagunen bermasterizazioak izango diren arren, gune berria ere ikusiko dugu.

Zehazki, Booster Course Passeko laugarren adabakiak Fruta nahiz Bumeran kopak irekiko ditu, bakoitza lau zirkuiturekin. Hemen doa zerrenda:

  • Fruta Kopa
    • Amsterdam Drift (Tour)
    • Riverside Park (GBA)
    • DK Summit (Wii)
    • Yoshi’s Island (Berria)
  • Bumeran Kopa
    • Bangkok Rush (Mario Kart Tour)
    • Mario Circuit (Mario Kart DS)
    • Waluigi Stadium (Mario Kart Double Dash)
    • Singapore Speedway (Mario Kart Tour)

Aurreko eguneraketetan gertatu modura, berritasun gehienak aurreko jokoetako zirkuituen bertsio eraberrituak izango dira; hala ere, oraingo DLC-ak ezustekoren bat edo beste dakar. Alde batetik, aurreko Nintendo Direct-ean ezagutu genuen Yoshi’s Island zirkuitua dago: SNES-ko joko maitatuan girotutako toki guztiz berria izango da.

Beste aldetik, lehen aldiz Super Mario Bros. 2-n —mendebaldeko jokoan, behintzat— ikusi genuen Birdo itzuliko da kart gainera; modu horretara, eduki gehigarriokin inplementatzen duten lehen pertsonaia izango da Birdo. Gainera, hainbat kolorerekin iritsiko da, aurretik Yoshi-rekin eta Shy Guy-rekin ikusi bezala.

Guztira 32 zirkuitu gehitu dituzte momentuz argitaratutako Booster Course Passekin. Dena den, oraindik beste bi eguneraketa falta dira: hamasei zirkuitu faltan, beraz. Gainera, Birdoren irudian “aurreko Mario Kartetako pertsonaia gehiago bidean” direla aipatzen dutenez, argi dago ezusteko gehiago jasoko ditugula.

Laster iritsi beharko dira, 2023a bukatu aurretik guztiak kaleratuko zituztela adierazi baizuten. Momentuz, martxoaren 9an etorriko den laugarren Booster Course Passari heldu beharko diogu.

 

Mario Kart 8 Deluxe, euskaraz

Game Erauntsiak Mario Kart 8 Deluxe euskaratu zuen iaz. Itzulpenak lehen Booster Course Passeko edukiak eskaintzen ditu; hala ere, ahal bada azken eguneraketen berritasunak ere lokalizatzea da gure helburua.

Euskaratzea erabiltzeko fitxategiak eta hau inplementatzeko jarraitu beharreko pauso guztiak MK8 Deluxen itzulpen proiektuaren fitxan aurkituko dituzu. Euskaraz joka daitezkeen gainerako tituluak ezagutzeko, pasa zaitez gure euskarazko bideojokoen zerrendatik!