Squeaky Clean Sprint kokaleku berriarekin batera hainbat MK klasikoetako guneak eraberritu dituzte.

Nintendo-k Mario Kart 8 Deluxen hurrengo DLC-aren argitalpen iragarri du. Booster Course Pass eduki gehigarriko bosgarren eduki sortak zirkuitu nahiz gidari berriak gehituko dizkio lasterketa joko beteranoari uztailaren 12an.

Datarekin batera zirkuituen zerrenda osoa baieztatu dute: luma eta gerezi kopetan lehiatuko dugu eguneraketarekin. Orain arte Squeaky Clean Sprint zirkuitu berria soilik zegoen iragarrita: Nintendoren jokoei hainbat keinu egingo dien bainugela erraldoian kokatuta egongo da.

Zerrendan, ohi bezala, Mario Kart klasikoetako izenak irakurriko ditugu; hala ere, gailu mugikorretako Mario Kart Tour modernoan azaldutako hiriak ere egon badaude. Hau da zerrenda osoa:

  • Tour Los Angeles Laps
  • Tour Vancouver Velocity
  • Tour Athens Dash
  • Wii Koopa Kape
  • Wii Moonview Highway
  • GCN Daisy Cruiser
  • GBA Sunset Wilds
  • Squeaky Clean Sprint

Azken eguneratzerarekin 40 izango dira Booster Course Passarekin gaineratutako zirkuituak. Aipatu modura, toki klasikoen berregiteak ageri dira gehienbat, baina gune berrientzako lekua ere egon da.

Bosgarren DLCaren berritasunik azpimarragarriena, ordea, ez dira zirkuituak, pertsonaiak baino. Azken Nintendo Direct-ean hiru gidari berri jasoko genuela iragarri zuten arduradunek: Petey Piranha, Wiggler eta Kamek aztia. Aurreko eguneratzeetan ez dute ia pertsonairik gehitu; Birdo izan da berritasun bakarra gidarien aldetik, alegia.

Seigarren DLCa azkena izango da Booster Course Passarentzat; hori horrela, denetariko berritasunak eta ezustekoak ekartzea aurreikusten da. 2023a bukatu aurretik kaleratuko dute azken eduki gehigarria.

Oraingoz, beraz, bosgarren DLCaren zain gaude. Uztailaren 12tik aurrera jokatu ahalko dugu Nintendo Switch kontsolako bideojoko arrakastatsuan.

 

Mario Kart 8 Deluxe, euskaraz

Game Erauntsiak Mario Kart 8 Deluxe euskaratu zuen iaz. Itzulpenak lehen Booster Course Passeko edukiak eskaintzen ditu; hala ere, ahal bada azken eguneraketen berritasunak ere lokalizatzea da gure helburua.

Euskaratzea erabiltzeko fitxategiak eta hau inplementatzeko jarraitu beharreko pauso guztiak MK8 Deluxen itzulpen proiektuaren fitxan aurkituko dituzu. Euskaraz joka daitezkeen gainerako tituluak ezagutzeko, pasa zaitez gure euskarazko bideojokoen zerrendatik!