Erlojupekoetarako zein ikusle moduetarako zuzenketak eta akats zuzenketak inplementatu ditu Nintendo-k.

Mario Kart World lasterketa jokoak doako 1.8.0 eguneratzea jaso du. Berritasunen artean, Super Mario Kart jokoko zirkuituak eta Knockout Tour modalitaterako ibilbideak daude.

SNESeko joko originaleko zirkuituak hasiera batetik zeuden, hein batean, MK Worlden: mundu irekian aritzerakoan, hauen ibilbidea hartzen zuten erronkak bizi genitzakeen. Gaurkotzearekin, zirkuitoi benetako itxura eman, eta VS lasterketetan, erlojupekoetan nahiz online partidetan gehitu dira. Aldaketen artean, objektuak jasotzeko lurzoruko panel klasikoak inplementatu dira.

Hemen zirkuituen zerrenda:

  • SNES Mario Circuit 1
  • SNES Mario Circuit 2
  • SNES Mario Circuit 3
  • Ghost Valley: SNES Ghost Valley 1
  • SNES Ghost Valley 2
  • SNES Ghost Valley 3
  • SNES Choco Island 1
  • SNES Choco Island 2
  • SNES Vanilla Lake 1
  • SNES Koopa Beach 1

Propeller Rally eta Turnip Rally dira, bestalde, Knockout Tour joko motarako ibilbide berriak. Aurreko eguneratzean ikusitako Drill Rally eta Boomerang Rally erronkei batu zaizkie, are zirkuitu gehiago lotuta.

Eguneratzearekin ez dira zirkuituetara mugatu: erlojupeko erronketarako hainbat hobekuntza —bira bakoitzeko denborak azaltzea edo marken arteko aldeak koloreekin desberdintzea—, geletan 26 pertsona batzea, horri lotutako ikusle modalitatearentzako askotariko hobekuntzak, aurkariek dituzten objektuak ikusi ahal izatea dira inplementatutako batzuk.

Bukatzeko, dozenaka akats zuzenketa ere prestatu dituzte Nintendokoek, ibilbideetako nahiz objektuei lotutako okerrak atonduz.

Eduki gehigarri edo espantsio handien zain jarraitzen dute, hala eta guztiz ere, Switch 2ko bideojokorik salduenaren —14,70 milioi ale baino gehiago saldu ditu— erabiltzaileek. Zurrumurruek Star Fox-i lotutako DLCak aurreratzen zituzten, baina, egiazkoak badira, azken Nintendo Direct emanaldian gordeta geratu dira.

Aldi berean, aurreko Mario Kart 8 Deluxe Switch 2an txukuntzeko aprobetxatu dute N handikoek: zortzi jokalarirentzako zatitutako pantailarekin gaurkotu dute.