2017. urteko lasterketa jokoak 4.0.0 eguneratzea estreinatu du, egungo kontsolan atal grafikoa hobetuta.

Nintendo-k Mario Kart 8 Deluxen eguneraketa iragarri eta argitaratu du. Dakartzan berrikuntzen artean, Switch 2 kontsolan zortzi jokalarirentzako tokiko multijokalaria nabarmentzen da.

Orain arte lau jokalarik baino ezin zezaketen jokatu 2017. urtean Switch originalean —eta, 2014an, Wii U kontsolan— estreinatutako lasterketa jokoan. Orain, gehienezko erabiltzaile kopurua zortzira areagotu dute, baina bost, sei edo zazpi jokalari ere aritu daitezke kontsola berean.

Jokalariek pantaila tamainaren arazoei buruzko zalantzak aipatu dituzte sarean, baina, gaur egungo telebistekin eta, are gehiago, eguneraketak ahalbidetzen duen 1440p bereizmenarekin, ez da larriegia: koadroetan zatituko da pantaila, ohi bezala. Bereizmen igoerarekin, noski, grafikoen kalitatea ere areagotzen da, fideltasun handiagoa erakutsita.

4.0.0 eguneratzearekin karga denbora bizkorragoak zein CameraPlay gailuarentzako euskarria ere aipatzen dira Switch 2ko eguneratzearen aldaketen zerrendan.

Switch originalean ere nabariko diren berritasunak irakur daitezke: Boo mamua objektua erabiltzerakoan, ikusezinak izateaz gain, errepide kanpotik gidatzerakoan abiadura normalean ariko gara orain; Booster Course Pass eduki gehigarriaren jabeek 96 lasterketako araua gehitu dezakete VS lasterketetan; bukatzeko, autoen oinarrizko abiadura txanpon batean areagotu da partidak azkartzeko —eta orain arteko erlojupeko guztien markak desorekatzeko—.

Ustekabean iritsitako eguneratzea pozik hartu dute erabiltzaileek, Mario Kart 8 maitatua bizirik mantenduz. Bitartean, nahiz eta Mario Kart World-ek edukitako harrera ez den horren beroa izan, Nintendokoek edukiak gaineratzen jarraitzen dute: uztailean 1.7.0 gaurkotzea jaso zuen, Knockout Tour modalitatearentzako bideak gehituta.

 

Euskaratutako Mario Kart

Switch 2an ez, baina aurreko kontsolan Mario Kart 8 Deluxe euskaratuta aurkitzen dela gogoratzeko une aproposa da.

Game Erauntsia Elkarteak itzuli zuen lasterketa jokoa gure mintzairara 2022. urtean; ordu hartako eguneratze, eduki eta DLC guztiak euskaratuta aurkitzen dira. Hemen aurki daitezke MK 8 Deluxe euskaratzeko beharrezkoak. Ez da gure hizkuntzan aurkitzen den MK bakarra: zale talde batek Mario Kart Wii itzultzea lortu zuen baita.