Berregiteak eta port-ak nagusi izan arren, maisulanen itzulera zein obra interesgarri guztiz berrien argitalpena dator hilabete honetan.

Otsailean zenbait bideojoko potolo ikusi ondoren —Hogwarts Legacy eta errealitate birtualeko PS VR2 gailuak jaso ditugu, besteak beste— martxoan sartu gara. Hirugarrena ez da estreinaldi handien hilabetea izaten, baina halere argitalpen interesgarriak ditugu aurrean: Wo Long: Fallen Dynasty, The Last of Us Part I zein Metroid Fusion ikusiko ditugu datozen egunotan.

Agerikoa denez, batzuk lehen aldiz jokatuko ditugun lanak dira; besteak, dagoeneko hainbat port edo berregite jaso dituztenak. Hala ere, egutegia errepasatzea komeni zaigu, goazen beraz!

 

Wo Long: Fallen Dynasty

  • Argitaratze data: 2023-03-03
  • Garatzailea: Koei Tecmo
  • Generoa: Akzioa, RPG
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Nioh bikainen arduradunen eskutik Sekiro: Shadows Die Twice-n antzeko mekanikak hartzen dituen Wo Long interesgarria iritsiko zaigu gaur bertan. Hiru Erresumen girotze txinatarra hartuko duenez, egia esan, proposamen erakargarriaren aurrean gaude.

Borroka ikusgarriak, txinatar mitologiako izakiak zein tokiak eta atal grafiko ikaragarria agintzen ditu bideojokoak. Dagoeneko prentsaren aldetik lehen kritikak irakurri ahal izan ditugu, eta titulu aparta dela diote; antzeko iritziak izan zituzten zaleek doako demora jokatzerakoan. Hortaz, ikusitakoa deigarria bada, ez izan zalantzarik eta sar zaitez Wo Longen munduan.

 

Metroid Fusion

  • Argitaratze data: 2023-03-09
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Metroidvania, abentura
  • Plataformak: Nintendo Switch

Argi geratu da: Metroid sagaren berpizkundea bizitzen gabiltza. Orain egun batzuk Metroid Prime Remastered argitaratu ondoren —bide batez, edizio fisikoa gaur bertan jarriko dute salgai—, Game Boy Advance-ko Metroid Fusion ikusiko dugu Switchean. Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzaren bidez eskura dezakegu soilik, hori bai.

Fusion Samus Aran-en abenturarik bikainenetakoa da: egitura linealagoarekin, baina girotze apartarekin, B.S.L. espazio estazioa esploratu beharko dugu. Izan ere, X parasito hilgarria aske dabil korridoreetatik, arrisku beldurgarriak sortuta. Metroidvania zalea bazara, bai ala bai jokatu beharreko maisulana.

Valheim

  • Argitaratze data: 2023-03-14
  • Garatzailea: Iron Gate Studio
  • Generoa: Abentura, biziraupena
  • Plataformak: Xbox Series, Xbox One (dagoeneko PCan)

Ordenagailuetan sekulako arrakasta eduki ondoren, mundu irekiko Valheim Xbox kontsoletara iritsiko da. Gainera, plataformon arteko jokoa ahalbidetuko dute. Iron Gate Studioren lanak bikingoen girotzea aurkezten du: suposatuko duzuen modura, biziraupen jokoan baliabideak biltzen, baseak eraikitzen eta borrokatzen ariko gara.

Hori bai, oraindik sarbide goiztiarrean dagoela gogoratu beharra dago; are gehiago, horrela jarraituko du etorkizunean. Zorionez, titulua etengabe hobetzen jarraitzen dute arduradunek: Mistlands espantsioa kaleratu zuten orain hilabete batzuk, eta Ashlands eduki gehigarrian lanean dabiltza.

 

Bayonetta Origins: Cereza and the Lost Demon

  • Argitaratze data: 2023-03-17
  • Garatzailea: PlatinumGames
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: Nintendo Switch

Bayonetta sagaren hurrengo atalak ez dauka zerikusirik aurreko jokoekin; hala eta guztiz ere, itxura aparta duela esan beharra dago. Umbra sorginaren hastapenak ezagutuko ditugu hemen: Cereza gaztearen rola hartuta basoko erronkak gainditu beharko ditu Cheshire deabruarekin batera.

Hack and slash borrokak alboratu, eta twin stick kutsua duten dueluak biziko ditugu: ezkerreko stickarekin Cereza kontrolatuko dugu, eta eskuinekoarekin Cheshireri aginduak eman. Batera etsaiak garaitzen eta puzzleak gainditzen ariko gara.

 

Resident Evil 4 Remake

  • Argitaratze data: 2023-03-24
  • Garatzailea: Capcom
  • Generoa: Akzioa, beldurra
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Resident Evil zaharren berregiteak jasotzen ibili gara azken urteotan: Resident Evil 2-k eta Resident Evil 3-k remake ederrak jaso ostean, laugarren atalaren txanda dator. Hau da, beste behin barneratuko gara Leon S. Kennedy agentearekin Espainiako herrixka galduetan.

RE4 aurrekoan baino modernoagoa izanik, berregiteak aldaketa gutxi jasango ditu oinarrizko mekaniketan. Hori bai, RE Engine motorrari eskertu behar zaion erotzeko atal grafikoa, gidoi eraberritua eta bestelakoak ikusiko ditugu.

 

The Last of Us Part I

  • Argitaratze data: 2023-03-28
  • Garatzailea: Naughty Dog / PlayStation Studios
  • Generoa: Akzioa, beldurra
  • Plataformak: PC (dagoeneko PS5ean)

Telesailak begirada guztiak erakarri ditu, baina lehen The Last of Usen berregitea PCra iristear dagoela gogoratzea komeni da. Naughty Dogen maisulanean ordenagailuetan jokatu ahalko dugun lehen aldia izanik, ez da marka makala.

Mundua onddo parasitiko batek hartu ondoren, Joel eta Ellie bikotearekin Amerikako Estatu Batuetatik zehar egin behar duen bidaia biziko dugu tituluan. Beldurra eta tentsioa nagusi diren arren, pertsonaien arteko harremanek ere zeresana izango dute.